"Errekondo hartzea erronka izan da guretzat"

Anboto 2025ko api. 12a, 11:50

Errekondon espazio gastronomiko kultural bat eskaintzeko erronkari heldu dio Liher Gonzalezek (Durango, 1982), Ibai Letona eta Miguel Fernandezegaz. Aholkularitza gastronomikoagaz loturiko negozioa dute. 

Zelan joan da lehen hile hau?
Jendea pozik dagoela esango nuke. Eskertu dute beste taberna bat, beste plaza bat egotea. Eskaintza desberdina da gurea, eta batzuengan harridura sortu dezakeen arren, bezeroak pozik daudela esango nuke, gustatu zaiela.

Zein da zuen eskaintza?
Goi mailako sukaldaritzako teknikak erabilita landutako eskaintza da, herritar guztientzat eskuragarria. Okelari eta ditugun produkturik gehienei parrillan ematen diegu azken ikutua. Horixe da gure berezitasuna. Horrela, kozinatzerakoan produktuak kalitaterik onena izatea lortzen dugu, eta zuku eta zapore guztiak mantentzea. Gainera, produktu ahalik eta gertukoenak erabiltzen ditugu. Barikutik astelehenera bazkariak eskaintzen ditugu, eta eguenetik zapatura afariak ere bai. Eskaintza finko bat dugun arren, beste eskari batzuetara ere egokitzen gara.

Karta berriztu duzue oraintsu.
Hala da. Euskal Herrian lehenengoak izango gara Azpigorri antxumea eskaintzen. Azpigorri elkarteagaz zigilu bat garatu dugu produktuaren balioa nabarmentzeko eta duen kalitatea bermatzeko. Geroago, baliteke Eusko Jaurlaritzagaz edo beste erakunde batzuekin hartu-emanean jartzea, baina lehenenego pausoak ematen hasi gura dugu. Oso produkzio txikia dago, ez bakarrik Azpigorrian, baita beste arrazetan ere. Galtze bidean dago asko, eta produktua kontsumitzea horiek berreskuratzeko modua da. 

Ostalaritzan esperientziadun taldea zarete. Erronka handia izan da?
Aholkularitza gastronomikoagaz loturiko negozioa dugu. Orain arte, negozio bat martxan zelan ipini aholkatu dugu. Errekondo hartzea gure buruari ipinitako erronka izan da. Jatetxe bat zabaltzearen prozesu osoa ezagutu gura genuen, geuk egin dena, zerotik hasita. Etorkizunari begira, aholkularitza gastronomikoan askoz ere perspektiba zabalagoa eta sakonagoa izateko aukera emango digu horrek. Erronka izan da, bai. 

Jarduera biak osagarriak dira?
Errekondo erakusleiho bat izatea gura dugu. Horixe da gure erronka. Ondo badoa, aholkularitza gastronomikoari proiekzio bat emango diogu, eta horren gehigarri bat izango da.

Kultur eskaintzagaz osatu gura duzue eskaintza, maiatzetik aurrera.
Mañariko Kultur Asteagaz batera, kontzertuak antolatuko ditugu. Eta, hilean behin, Jan Da Topa saioak egingo ditugu. Eskilarapeko jazz taldeagaz hasiko ditugu afari tematiko horiek, maiatzaren 8an. Jazz taldea izanik, New Orleans edo Kuba inguruko menua prestatuko dugu. 40-45 lagunentzako saioak izango dira. Sukaldaritza ikastaroak antolatzea ere pentsatu dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!