Udalak egindako lehiaketaren bitartez, ostalaritzaren munduan esperientzia handia duten hiru lagunek hartu dute Errekondoren ardura. "Sukaldaritza, jatetxea, taberna, horren inguruan sortzen den giroa… ostalaritza mundua asko gustatzen zaigu", esan du Liher Gonzalez durangarrak Errekondoren ardura hartzeko arrazoien inguruan. Gonzalezek esperientzia zabala du ostalaritzan; besteak beste, Ondarroako Arrigorri ostatu-jatetxearen arduraduna izandakoa da. Beste kide bat lau izarretako hotel bateko chef-exekutiboa da.
Beste arrazoi bat ere badago. Hirurek aholkularitza gastronomikoari loturiko negozio bat dute elkarregaz. Negozioa hutsetik hasten laguntzen diete ostalariei, edo dagoeneko martxan daudenak hobetzen. Orain, eurek hartu dute negozio baten ardura. "Gure burua proban ipintzeko modua da, horrelako erronka baten aurrean talde lez zelan funtzionatzen dugun ikusteko", esan du Gonzalezek. Eguneroko lanean ikasten dutena baliagarria izango zaie euren sistema fintzeko.
Parrillan, momentuan egina
Errekondoren eskaintzan, parrillan amaitutako platerak dira apustu nagusia. Espezialitate horretan nabarmendu gura dute. Gonzalezek zehaztu du ez dela erretegi bat izango, ez behintzat erretegia ulertzen den zentzuan. Hamabost erreferentzia dituen karta bat izango dute, denak txingarretan amaituta: burduntzia, muskuiluak, oilasko erdiak, barazkiak… Sukaldea egun osoan egongo da zabalik; hau da, kartako platerak eginberriak izango dira beti. Eskaintza hau datorren astetik aurrera egongo da funtzionamenduan, ehuneko ehunean. Parrillaz gainera, ohiko pintxoak (tortilla, gildak…) eta eskaintza begetarianoa ere izango dituzte.
Sukalderako lehengaiak bertoko barazki eta okela ekoizleekin hornitzen ahaleginduko dira. Esaterako, datozen asteetako burduntzia Euskal Herriko azpigorri arrazako ahuntz okelagaz egin gura dute. "Bertoko kalitatezko produktuak prezioa erakargarrian eskaini gura ditugu", gaineratu du Gonzalezek.
Horrez gainera, urtean zehar ekintza kulturalak antolatzeko asmoa dutela adierazi dute.