Zer ekartzen dizute gogora lorek?
Loreen mundua, lorezaintza orokorrean, asko gustatu izan zait beti. Berezkoa dudan zeozer dela esango nuke. Loreak oso presente egon dira beti nire bizitzan. Lore denda batean lan egin nuen, eta lore saltzaile titulua atera nuen 2009an. Lore denda zabaltzekotan ere izan nintzen, baina azkenean atzera egin nuen. Lorategiak bisitatzean ere plazer handia sentitzen dut. Baita azoketan, lore haztegietan eta halakoetan ere. Gure etxea lorez beterik egon da beti. Amamak lore mordoa izaten zuen baserrian. Joaten zen lekura joanda, beti ekartzen zituen loreak. Ez dakit horregaitik izango den...
Zein helburugaz jaio zen Nilora?
Ez daukat batere helbururik. Etxean beti eskatu izan didate zeozer norbaiti oparitzeko. Esaterako, amak eskatuta, loredun koroa bat egin nuen izekori oparitzeko. Eta gero, lehengusina batek zentro bat eskatu zidan bere amaginarrebari oparitzeko. Ondoren, lagun batek beste enkargu bat egin zidan bere etxerako. Halaxe hasi nintzen loredun koroak sortzen. Horietakoak egin ditut gehien. Jolasean hasi nintzen, enkargu batzuk hartuz, eta lagun batzuk animatuta Instagram kontua zabaldu nuen.
Bertan erakusten dituzu zure lanak.
Bai, argazkiak ipintzen hasi nintzen, eta eskari batzuk jaso nituen. Ezagunenak, batez ere. Ekainean, ezkonberri batzuentzat jatetxea apaindu nuen, lagun batek eskatuta. Orain, azoka batzuetara joan naiz, probatzera. Ez dakit noraino helduko naizen bide honetan, probatzen nabil. Hala ere, argi dut zaletasuna dela, eta hori izaten jarraituko duela.
Izena zure izanagaz bat dator?
Aitita-amamen inizialak batuta sorturiko izena da, tartean 'lora' berba batzen duen arren. Nire aurrekoengaitik naiz ni orain naizena. Eurei egindako omenaldia da Nilora.
Zuk batzen dituzu loreak?
Bai. Era naturalean sikaturiko loreak Araba aldean batzen ditut, batez ere. Baina lore freskoak ere hartzen ditut, etxean sikatzeko. Koloredunak erosi egiten ditut; deshidratazio prozesua pasatu duten lore freskoak dira. Izugarri gustatuko litzaidake loreen ortu bat izatea, baina lan handia eta denbora asko eskatzen du. Esperimentu txiki bat egin dut aurten, baina ez dut ezer batu. Ea datorren urtean.
Lore bat?
Ezin bakarra aukeratu. Bakoitzak bere momentua du eta pilo batek asko aberasten dute.
Lore sorta sikua ala freskoa?
Momentuaren arabera. Norentzat den, zertarako, heburua...