Euskadiko Artzain Txakur txapelketa, Mañarian

Joseba Derteano 2024ko urr. 4a, 10:30

Lemoan jokaturiko Bizkaiko txapelketako sari banaketa. ARTXATE

Artzainen eta artzain txakurren mundua gustuko duenak beste hitzordu bat izango du asteburuan, Mañarian. Kasu honetan, arraza libreko artzain txakurren 26. Euskadiko Txapelketa antolatu du Artxate elkarteak Mañarian. Txapelketa domekan, 11:00etan hasiko da, Tellerixako landan.

Artxate euskal artzainez osaturiko elkartea da. 1998an sortu zen, eta, harrezkero, askotariko artzain txakur lehiaketak antolatzen ditu urtero. 

Zortzi lehiakide
Mañarian zortzi lehiakide arituko dira Euskadiko txapelaren bila: lau bizkaitar eta lau gipuzkoar, hain zuzen ere. Bizkaitar bat Durangaldekoa da, gainera: Inaxio Irakulis etxanoarra, Beltz txakurragaz. Gainerako hiru bizkaitarrak honako hauek dira: Igor Elordi barinagarra Lagun txakurragaz, Mikel Pagazartundua lemoarra Lay txakurragaz, eta Jon Olivares zeanuritarra Bizi txakurragaz. Denak Bizkaiko txapelketatik sailkatu dira. Txapelketa hau Lemoan jokatu zen, uztailean, eta etxeko artzainak jantzi zuen txapela, Mikel Pagazartunduak. Oraindino Euskadiko txapelduna dena ere talde honetan dago: Jon Olivares. Zeanuritarra txapela berriro irabazten ahaleginduko da.

Gipuzkoako txapelketa Zestoan jokatu zen, irail hasieran, eta honako artzainak eta artzain txakurrak sailkatu ziren: Antzuolako Xabi Gastañaga-Sandy (Gipuzkoako txapelduna), Antzuolako Javier Gastañaga-Cool, Aizarnazabalgo Manuel Gorriti-Izar eta Matxinbentako Pello Segurola-Kai. 

Epaile lanetan Mikel Garate eta Bittor Bengoetxea arituko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!