Hiru aste bete dira Mañariko Denda berriro zabaldu dutela. Durangon bizi den Arantza Cillaurren galdakoztarrak hartu du negozioaren ardura, eta sasoi bateko Rafa Harategia hartu du eredu legez. Beharrizan handiko produktuak salduko ditu, gertuko ekoizleak lehenetsiko ditu eta harategia ere izango du.
Zelan ekin diozu bide berriari?
Oso pozik, neure saltsan. Beti gura izan dut neure kabuz lan egin, eta asko gustatzen zait jendeagaz egotea. Denda hartzea oso aukera ona iruditu zitzaidan; gainera, udalak erraztasun guztiak eman dizkit. Urte asko egin dut ostalaritzan lanean, eta dendaria ere izan naiz.
Mañariaren moduko herri txiki batean denda bat egotea beharrezkoa dela uste duzu?
Garrantzitsua eta beharrezkoa dela uste dut.
Zein funtzio bete behar dute horrelako dendek?
Herritarren bizimodua erraztu behar dute. Herriko denda batek funtzio hori izan du beti, tratu pertsonala eman behar du eta funtzio integratzailea bete, kulturalki eta sozialki. Horixe da nire iritziz herriko denda baten oinarria. Bizitzeko lain izatea, horixe baino ez dut gura, eta horrelako denda batek bete behar duen funtzioa betetzea, bestelako pretentziorik barik.
Hori duzu helburu?
Bai. Denda honek herriarena eta herritarrentzat izan behar duela uste dut, eta hortik abiatuta lan egin gura dut. Uste dut horrela izan behar duela herri bateko edozein taberna edo komertziotan. Globalizazioaren eraginez, geroago eta komertzio gutxiago dago eta horrek eragina du herriaren bizitzan. Horrek pena handia ematen dit. Herriak hiltzen ari dira, globalizazioaren eta garatu diren politiken eraginez. Horren aurrean, hondar ale bat baino ez naizen arren, neure ekarpena egin gura dut.
"Ahalegin berezia egingo dut tokiko produktua eskaintzeko. Oso garrantzitsua deritzot horri"
Denda txikiak lagun edo ezagunen bilgune ere izaten dira.
Herri txiki batean iturria elkargune bat da. Eta denda bat ere bai. Azken batean, dendak eta tabernak sozializatzeko eta kolektibizatzeko tokiak dira.
Dendara datorrenak zer topatuko du?
Lehenengo eta behin, alaitasuna, arreta eta begirunea. Horren ostean, laguntasuna. Ahal dudan neurrian, eskaturikoa ematen ahaleginduko naiz. Oinarrizko produktuak ditut dendan, Rafak egin zuen bidetik. Gainera, ahalegin berezia egingo dut tokiko produktua eskaintzeko. Oso garrantzitsua deritzot horri. Okela, inguruko abeltzainekin lan egiten duen Durangoko harategi batetik ekarriko dut. Eta barazkiak eskaintzeko ere, Mañariko nekazariekin lan egin gura dut. Apurka ikusten joango naiz, baina horixe da nire asmoa. Bertakoen premietara egokitu gura dut, eta ordutegia ere horren araberakoa izango da. Saltzea eta hemendik bizi ahal izatea dut helburu.
Dendako txoko batean joko didaktikoak ere ipiniko dituzu.
Bai, irakurtzeko materiala eta zurezko joko didaktikoak ipini gura ditut. Bezeroekin datozen umeek bertan egoteko aukera izan dezaten, adibidez. Hartara, teknologiari apur bat aurre egiteko ere.