Mañariko Denda astelehenean zabalduko dute berriro eta herrirako "supermerkatu txiki bat" izatea gura dute

Joseba Derteano 2024ko eka. 15a, 12:00

Durangon bizi zen Arantza Zilaurren galdakoztarra izango da arduraduna. Sasoi bateko Rafa Harategia hartu du eredu negozio berrirako: beharrizan handiko produktuak salduko ditu, gertuko ekoizleak lehenetsiko ditu eta harategia ere izango du.

Udalak Mañariko Denda berriro zabaltzeko egin duen ahaleginak bere fruitua eman du. Astelehenean ateak zabalduko ditu berriro. Astegunetan 08:30etik 20:00etara egongo da zabalik, eta zapatuetan ere zabalik egongo da, bertako arduradun berria den Arantza Zilaurrenek adierazi duenez. Oraingoz, ordutegi horregaz hasi eta bezeroen beharrak ezagutu gura ditu, apurka haietara egokitzeko. Astelehenean doazen bezeroek luntxa aurkituko dute dendan, ongietorri modura.

Zilaurrenek 62 urte ditu eta galdakoztarra da, baina 13 urte daramatza Durangon bizitzen, eta aurretik beste 14 eman ditu Zornotzan. Ostalaritza eta turismo teknikari ikasketak ditu eginda eta "esperientzia zabala" du jatetxeetako sukaldari nahiz zerbitzari modura. Durangoko denda batean ere lan egindakoa da. Orain, bere denda propioaren gidaria izango da eta "ilusio handiz" hartuko duen ardura dela dio. 

Inguruko produktuak

Denda zelan antolatu jakiteko, Rafa Harategia izan du inspirazio. "Mañariarrentzat supermerkatu txiki bat" bihurtu gura du eta eguneroko beharrizaneko produktuak salduko ditu, arlorik arlo. Harategia ere izango du, sasoi bateko dendak zuen legez. Haragiari, barazkiei eta beste produktuei dagokienez, "gertuko ekoizleak" lehenetsiko ditu. Dendako txoko batean joko didaktikoak ipini gura ditu, nagusi zein umeentzat, mahaiekin eta aulkiekin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!