Ekainaren 8an Albokan'Rolla jaiaren bigarren aldia egingo dute Mañarian eta motorrak berotzen joateko egitaraua jakinarazi dute Kafraga elkarteko antolatzaileek. Herriko hainbat elkarte eta eragileren laguntzarekin, egun osoko jaia antolatu dute, iaz baino ekimen gehiagorekin.
Goizean zehar Albokarekin kalejiran ibiliko dira. Egunean zehar Egoi Petite soinulari iurretarrak eta bere lagunek jai giroa ipiniko dute ekitalditik ekitaldirako tarteetan.
Eguerdian goi mailako herri kirol erakustaldia dago Urdax Magunazelaia, Karmele Gisasola, Jon Gisasola eta Ioritz Gisasolarekin. Mañariak tradizioa du herri kiroletan eta tradizio horri keinu bat egin gura diote ekimen honekin.
Bazkari herrikoiaren ostean pilota eta pala torneoko finalak jokatuko dira. Eguna musikarekin agurtuko dute, The Clayton, Agur eta Ezezez taldeen kontzertuekin.The Clayton aramaioarrek rock eta blues doinuak ekarriko dituzte. Beren ibilbideko lehen diskoa ingelesez kaleratu zuten eta bigarrena euskaraz atera dute. Agur talde gernikarraren zigilua rock azkarra da, abesti labur eta zuzenekin. 2022an sortutako taldeak disko bi kaleratu ditu, azkena orain hilabete inguru. Ezezez talde bilbotarrak punk-rock doinuak lantzen ditu. Talde honek ere euskaraz atera du bere ibilbideko bigarren diskoa.
Azkenik, DJ Les Sauvage-rekin jai giroak ez du atsedenik hartuko.
EKAINAK 8, ZAPATUA
10:00 Pasakallea Albokarekin.
12:00 Petite eta Lagunak.
13:00 Herri kirolak: Urdax Magunazelaia / Karmele Gisasola / Jon Gisasola / Ioritz Gisasola.
14:30 Bazkaria.
17:00 Pilota eta pala finalak.
20:00 Musika kontzertuak: The Clayton, agur eta Ezezez.
00:00 DJ Les Sauvage.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!