Juan Bilbao dultzainero mañariarra omenduko dute maiatzaren 12an

Anboto 2024ko mai. 7a, 06:00

Argazkia: Jose Javier Abasolo 'Tiliño'

'Gureak gogoan, katea ez hausteko' ekimenagaz Bizkaiko dultzaineroak omentzeko aurten egingo diren omenaldietan lehenengoa izango da Mañariakoa. 10:30ean hasiko da kalejira batekin; 12:30ean baltseoa egingo dute, eta 13:00etan ekitaldi nagusia egingo dute plazan. 

Omenaldi ekitaldi nagusia maiatzaren 12an egingo dute, aurretik baina, Errose Bustintza kultur etxean Bizkaiko gaiteroei buruzko argazki erakusketa txiki bat jarriko da. Bizkaiko Gaiteroen Elkarteak bertako dultzainero esanguratsuak omendu gura ditu, eta horretarako egingo duen lehenengo ekitaldia izango da Mañariakoa; besteak beste, Patxi Bilbao, Juan Aiesta edo Basilio eta Enrike Etxebarria omenduko dituzte datozen asteetan. 

Juan Bilbao Ortuoste 1905ean jaio zen Mañariko Ortuoste auzoan. Artzaina ofizioz, autodidakta izan zen eta bere anaia Manuelen pausoak jarraituta dultzain jotzen ikasi zuen. Anaia 1922an hil zen Melillan, eta dultzaina etxera bidali ziotenean, bera geratu zen musika tresnarekin. Urte askoan Fermin Ortuoste lehengusuarekin ibili zen duoan. Denbora batez erretirua hartu ostean, 70.eko hamarkadan ostera ekin zion jotzeari. Zahargaztiek musika taldea ere sortu zuen beste lagun batzuekin. 1991an hil zen. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!