Jendea erakarri guran hartu duten lehenengo erabakia alokairuko prezioari dagokio: hilean 50 eurotan ipini dute. Aurreko lehiaketara atera zutenean, prezioa 300 eurokoa izan zen. Ordutegia ere malgutu dute: astean 25 orduz egon beharko da zabalik gutxienez, norberak erabakitzen duen ordutegian. Orain arteko baldintza-orriak zehazten zuen astelehenetik barikura goiz eta arratsalde egon behar zela zabalik, eta zapatu goizetan ere bai. Lehengo eskakizunagaz "lagun bi behar ziren eta orain, seguruenik, bategaz nahikoa izan daiteke", zehaztu du Otxotorenak. Azkenik, esleipena bost urterakoa izango da, lau urterakoa barik.
Denda berriro zabalduta, oinarrizko elikadura, garbiketa eta higiene produktuak herrian bertan erosteko aukera eskaini gura diete herritarrei, eta horrela jasotzen da baldintza-orrian ere. Horretarako beharrezkoak diren azpiegitura guztiagaz hornituta dago Ebaristo Bustintza kaleko 19. zenbakiko lokala. Bere sasoian, udalak obrak egin zituen lokalean azpiegiturak hobetzeko.
2020tik bueltaka
2020ko otsailean Mañariko Dendako —Rafa Harategia lez ezagautzen zen— arduradunak erretiroa hartu zuen, 50 urtean bertan lanean ibili eta gero. Orduan, udalak lehiaketa hasi zuen arduradun berriak bilatzeko. 2021eko maiatzean berriro zabaldu zuten, baina ez zuen funtzionatu eta hile batzuk baino ez zuen iraun, 2021eko uztaila amaitu arte. Harrezkero, ez dago mota horretako dendarik Mañarian. Gaur egun, bertako produktuak ekoizten dituzten baserritar batzuen eta euren bezeroen arteko banaketa-puntu legez erabiltzen da. Inoiz, arraindegi baten banaketa puntu legez ere erabili izan da, baina denbora gutxian, hilabete inguru baino ez.