Martxan da Mañariko Errekondo jatetxearen kudeaketa eramateko lehiaketa, otsailaren 28ra arte

Anboto 2024ko ots. 14a, 09:08

Mañariko Udalak lehiaketa publikoa ipini du martxan Errekondo jatetxearen arduradun berriak aukeratzeko. Joan zen asteko barikutik da martxan eta interesdunek otsailaren 28ra arteko epea izango dute euren proposamenak aurkezteko. Baldintza-agiria udalaren wegunean eskuratu daiteke.

Azken udalbatzarrean onartu zuten baldintza-agiria. Dokumentu honek aldaketa nagusi bat du helburu beragaz aurreko aldi batzuetan onartutakoekin alderatuta: kontsezioa hamar urtera artekoa izan daiteke. Lehenengo, urte birako izango da, eta gero, urterik urtera, beste zortzi urtez luzatu daiteke. Aurreko aldietako esleipena lau urterakoa izan da. Aldaketa horren helburua da alde biei —hala Mañariko Udalari nola esleipendunei— malgutasun handiagoa ematea urterik urtera jarraitu gura duten ala ez erabakitzeko. Horrez gainera, esleipenak hamarkada bat iraun dezakeenez, martxan ipiniriko proiektuari egonkortzeko aukera eman gura diote, bai lan-taldeari dagokionez eta baita eginiko inbertsio posibleak amortizatzeari dagokionez ere. "Azken batean, segurtasun bat ematen zaio sartzen denari", arrazoitu du Ainara Otxotorena Mañariko alkateak. 

Urte askoan Errekondo eraman zutenek negozioa utzi zutenetik, udalak hainbat bider atera du jatetxearen kudeaketa lehiaketara. Lehenengo saiakerek ez zuten fruiturik eman, harik eta 2021eko urrian kudeaketa esleitzea lortu zuten arte. Urte bi eta erdian tarberna zabalik egon eta gero, arduradunek kontratua etetea erabaki dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!