Aparkalekurako, auzobideetarako eta hilerrirako inbertsioak Mañariko 2024ko aurrekontuetan

Joseba Derteano 2023ko abe. 25a, 10:30

Mañarian 2024rako udal aurrekontuak onartu dituzte. Zenbateko osoa 1.063.970 eurokoa da. Udalkutxatik 656.823 euro jaso dituzte, iaz baino 50.700 gehiago.

Inbertsioen atalean, 15.000 euro ikerketa geologiko bat egiteko erabiliko dituzte, hilerriko alde bat hondoratzea zerk eragin duen ondorioztatzeko. Herrian aparkalekua egiteko asmoari begira, 49.704 euro gorde dituzte. Kopuru horretatik aurrerakoa soberakinetik hartuko lukete. Auzobideak konpontzea da beste inbertsio bat, 40.000 eurogaz. Aldegoiena auzoko bidea konponduko dute eta Aldebaraietan eta Urkuletan ere lan batzuk egin gura lituzkete. Beste proiektu batzuk soberakineko diruagaz egin gura dituzte. Esaterako, kirolgunea berotzeko sistema bat ipiniko dute, bero-berreskuratzaileen bitartez. Horrez gainera, Aldundiak ahalbidetzen badu, neurriak hartu gura dituzte Kirikiñoko trafikoa moteltzeko.

Bestalde, diru laguntzak igo dituzte herriari bizia ematen diotenen lana sustatzeko. Herriko elkarteei bideraturiko diru atala bigarren urtez jarraian igo dute: iaz 30.000 eurotik 45.000era, eta aurten 50.000 eurora. Herrian kultur elkarte berri bat ere badago: Kafraga elkartea. Orain arte, auzoetako ermitetan jaiak antolatzen zituztenek gehienez 250 euro jasotzen zuten, eta kopuru hori 400era igoko dute. Azkenik, kultura arloari zuzenduriko diru atala 70.000 eurora handituko dute.

Aurrekontuak gobernu taldearen (EH Bildu) aldeko botoekin onartu dituzte. EAJ abstenitu egin da. Aparkalekua egiteko —herri sarrerako parkean egitea da asmoa— kokaleku "egokiagoak" daudela uste dute. Gobernu taldetik adierazi dute ez dutela baztertzen beste kokapen batzuk ere aztertzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!