Mañariko Hontza Museoan 'Abere ba, Kirikiño eta animalia palindromoak' izeneko erakusketa inauguratu dute

Anboto 2023ko aza. 20a, 16:41
Hontza museoko Enrike Huerta eta Leire Huerta, eta, Bigara egitasmoko Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia erakusketako inaugurazioan.

Erakusketa 2024ko martxora arte egongo da ikusgai.

Mañariko Hontza Museoak erakusketa berria inauguratu du gaur eta orain arteko guztietatik diferentea da. Oraingoan ez dute museoko biltegi aberatsera jo —47.000 pieza inguru dituzte— aldi baterako erakusketa berria osatzeko. Kasu honetan, natur-zientzien museoak literaturari ireki dio atea eta ikusten denak baino irakoditzen denak hartuko du garrantzia. Zehatzago esanda, animalien izenak eta eurekin egindako palindromoak izango dira erakusketaren muina. Palindromoa ezkerretik eskumara zein eskumatik ezkerrera berdin irakurtzen den hitza edo esaldia da.

Museoko sarreran eta lehenengo solairuko zati batean kokatu dute 2024ko martxora arte ikusgai egongo den erakusketa. Hainbat koadroz osatuta dago. Koadro bakoitzean palindromo bat ageri da, animalia baten izena beste berba batekin (edo batzuekin) egoki konbinatzearen emaitza: oilarra lio, aker oreka, ele bele, kirrun inurrik

Erakusketa elkarlan baten ondorioa da, Hontza Museoaren eta Donostiako Bigara-ko Itziar Aranburu eta Jon Ander Garcia sortzaileen artekoa. Azken horiek palindromoekin duten "lilura" aspaldikoa da. Biek honela azaldu dute erakusketaren sorburua. "Animalien izen askok, beste aldera irakurrita, beste hitz bat ezkutatzen zutela konturatzea izan zen abiapuntua". Hortik aurrera, palindromoak sortzeko hainbat irizpide hartu dituzte kontutan. Batetik, berba pareei "ahalik gutxien" gehitzea; hau da, ahalik gutxienarekin ahalik gehien esatea. Esaterako, 'aker oreka' palindromoak barne hartzen du akerrak harkaitzetan ibiltzeko duen trebetasuna. Horrez gainera, letra batzuek, apur bat moldatuta, animalien itxura zutela ohartu ziren. Horrela, koadro bakoitzean, palindromoei lagunduz, dagokion animaliaren irudia dago. "Animalia guztiak bere baitan duten letra batekin osatuak daude".

Zergatik Mañarian eta zergatik aurten?

Erakusketa Mañarian eta 2023an egitea ez da kasualitatea. Ebaristo Bustintza 'Kirikiño' (Mañaria, 1866-1929) idazle eta kazetaria da erakusketa herriagaz lotzen duen haria. 1923an Primo de Riverak estatu kolpea ematerakoan euskararen erabilera publikoa debekatu zuen. Horrek zuzenean eragin zion Kirikiñok lan egiten zuen Euzkadi egunkariari; euskaratik gaztelerara pasatu behar izan zuten. Euskarari lotutako gaiak ere 'temas euskéricos' atalera murriztu ziren. Beste modurik ez, eta atal hori baliatu zuten euskarari zirrikitu txiki bat irekitzeko. Euskarazko palindromorik luzeena bilatzeko lehiaketa abiatu zuten. "Lehiaketa egunkarian euskara sartzeko aitzakia bat zela pentsatzen dugu, sorkuntzaren bidez euskara egunkarian bizirik mantentzeko modu bat", azaldu du Aranburuk.  Erakusketak 2023 urtearekin duen lotura ere begi bistakoa da, honezkero. Aurten lehiaketa haren 100. urteurrena betetzen da.

Proiektu zabalago baten barruan

Mañariko erakusketa proiektu zabalago baten parte da. Euzkadi egunkariko lehiaketaren 100. urteurrena ekimen eta proiektu gehiagorekin gogoratuko dute. Esaterako, euskarazko Berria palindromo lehiaketarekin. Abenduaren 16tik 2024ko otsailera arte Berriaren eskutik abiatuko da. Horrez gainera, Markos Gimeno (Ermua, 1974-2018) artista noranahiko eta hitzperimentu sortzaileak makina bat palindromo sortu zituen eta bere lana erakusketa batean bilduko dute. Gernikako Euskal Herria museoan egongo da ikusgai azaro amaieratik aurrera. Joseba Sarrionandiaren 'Markos Gimenoren 101 palindromo' liburua ere aurkeztuko dute. Hori guztia gutxi balitz, abenduaren 7an Durangoko Azokaren barruan, 'Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia' izeneko tailerra eskainiko dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!