Mañariarrek eta izurtzarrek lehen arreta zerbitzuan dituzten gabeziak salatuko dituzte gaurko deitu duten elkarretaratzean

Anboto 2023ko aza. 3a, 10:30
Udaletxe parean dagoen Mañariko osasun zentrorako sarrera.

Mañariko eta Izurtzako herritarrak haserre daude azkenaldian herri bietako osasun zentroetan jasotzen ari diren zerbitzua dela eta. Funtsean, irailetik hona medikurik barik daudela da kexa nagusia, horrek eragiten dituen eragozpen guztiekin. Herri bietara joaten den medikua bajan dago eta Osakidetzak ez du bere ordezkorik ipini oraindino. Egoera salatzeko, elkarretarazera deitu dute gaur, 18:30ean, Mañariko plazan.

Mañariko alkate Ainara Otxotorenak eta Izurtzako alkate Oihane Irastorzak bat egin dute deialdiagaz, eta elkarretaratzean egongo direla iragarri dute, euren sostengua emateko. "Egoera txarra" aspalditik datorrela adierazi du Otxotorenak. "Udan jada izan genuen arazoren bat edo beste. Medikuaren opor sasoian ez genuen beste medikurik izan. Orain, irailetik hona Mañariko eta Izurtzako medikua bajan dago eta ez dago ordezkapenik. Erizainak etortzen jarraitzen du, baina ez dago medikurik. Ulertu dezakegu hasieran ordezkorik ez egotea, baina dagoeneko hile bi daramatzagu horrela. Lehen arreta zerbitzua bermatuta egotea premiazkoa dela deritzogu", gaineratu du. Horrek herritarrei hainbat oztopo eragiten diela salatu du. Esaterako, osasun arreta lortzeko, "lehenengo eta behin Iurretako kontsultategira deitu behar dute eta ikusi beste mediku baten agendan tokirik badagoen". "Gainera, ezin daiteke aurretik hurrengo egunen baterako ordua hartu. Egunean bertan deitzeko eskatzen dute", azaldu du. Herrira barik Durangoraino joan beharrak adinekoei eragiten dizkien zailtasunak ere aipatu ditu. 

Iaz egora berean
Hau ez da herri bietako lehen arreta zerbitzuan dituzten gabeziak salatzen dituzten lehenengo aldia. Iazko abenduan ere berdin jokatu zuten herri bietako alkateek. Orduan kexa izan zen ez zutela medikurik ekarri bertako medikuaren abenduko oporrak ordezkatzeko. Osasun zentro biak egunetan egon ziren itxita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!