ANBOTOK bisita gidatua antolatu du Angurretara Anbotokideentzat, irailaren 17rako

Anboto 2023ko ira. 11a, 09:00

Mañariko Angurreta sormen espazioa fase berri batean sartuko da laster. Iraila amaitu arte, astelehenetik domekara bisitatu daiteke, ohiko moduan, baina urritik aurrera bisita gidatuetara mugatuko dituzte bisitak, aurretik izena emanda. 

Fase berri horren atarian, ANBOTOk, Gerediaga elkarteagaz elkarlanean, Anbotokideei zuzenduriko bisita gidatua antolatu du irailaren 17ko domekarako; 12:00etan izango da. Bertan, Tadanori Yamaguchik Angurretarako propio egindako eskulturen gaineko argibideak emango ditu Angurretako sustatzaile Victor Arrizabalagak. Anbotokideek datorren asteko eguaztenera arte —irailak 13— dute izena emateko aukera, astekaria@anboto.org helbide elektronikoaren bitartez. 20 lagunentzako tokia dago eta lehenengo idazten dutenekin osatuko da zerrenda. 

Irailean beste bisita gidatu bat ere egongo da, domeka honetan Urkiola Landa Garapen elkarteak egingo duena, hain zuzen ere. Bisitaren aurretik ibilbide bat egingo dute Mañarian zehar. 

Urritik aurrera, taldeko bisitaren bat egin gura duena angurreta@gmail.com helbidearen bitartez ipini daiteke hartu-emanetan arduradunekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!