Kafraga kultur elkarteko kideek jaurtiko dute Mañariko jaiei hasiera emango dien txupinazoa, abuztuaren 14an

Anboto 2023ko abu. 9a, 10:20

Mañarian prest dute abuztuko jaietako egitaraua. Aurten, Kafraga kultur elkarte sortu berriak botako du jaiei hasiera emango dien txupinazoa, abuztuaren 14an. Aukera hori "ilusioz eta gogotsu" hartu dutela dio Paul Arana Kafragako kideak. Bera eta Jon Arzubia igoko dira udaletxeko balkoira pregoia irakurri eta txupina piztera. 

Kafraga elkarteak indartsu hasi du bere ibilbidea. Ekainean Albokan Rolla jaialdia antolatu zuen, musika kontzertu, pilota partidu eta bestelakoekin. "Oso harrera ona" izan zuela eta dagoeneko datorren urtekoari begira daudela dio Aranak: "Albokan Rollak bigarren aldi bat izango du". 

Ezta Ilen eta Añube
Jaietako egitarauan ere egin dute euren ekarpena Kafragako kideek. Abuztuaren 11rako, txupinazoaren aurreko barikurako, Ezta Ilen eta Añube taldeen kontzertuak antolatu dituzte udalagaz elkarlanean, plazako eszenatokia muntatuta egongo dela aprobetxatuz. Historikoki, lagun talde batek U2 tabernan antolatzen zituen kontzertuak Mañariko jaien bezperetarako, eta orain, U2 itxita dagoenez, plazan emango diote jarraipena tradizio horri.

Delerium Tremens
Musika kontzertuei dagokienez, abuztuaren 14ko eskaintzak ere badu gatza eta piperra. Alde batetik, Delirium Tremens rock taldearen kontzertua izango da. Lau urteko ibilbide laburrean –1987tik 1991ra– sona handia lortu zuen talde mutrikuarra eszenatokietara bueltatu zen 2022an, eta euren birako geraldi bat Mañarian egingo dute. Euren aurretik, Los Zopilotes Txirriaos taldeak joko du. Nafarrek hamahiru urteko ibilbidea dute dagoeneko eta bost disko kaleratu dituzte. Mexikoko doinuak punk-rockagaz eta folk ukituekin batzen dituzte. Hauen ondoren, DJ Pitxitxik girotuko du gaua. 4:00etatik 6:00etara doako autobusa ibiliko da Durangora, etenik barik. Jaietako musika eskaintza Mariachi Imperial taldeak eta Orkresta Elektrotunak osatzen dute, abuztuaren 15ean eta 16an, hurrenez hurren. 

Bestalde, Tio Teronen Semeak dantza taldeak dantza eta umorea uztartzen dituen Fresh Cool ikuskizuna egingo du, plazan, abuztuaren 15ean. Egun berean, pilota partiduak ere egongo dira, pilotalekuan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!