“Hontza Museoan hasi arte, ornitorrinko bat bertatik bertara ikusi barik nengoen"

Joseba Derteano 2023ko eka. 26a, 08:19

Leire Badiola Irazabalek (Ibarrangelu, 1999) Ingurumen Zientzia Ikasketak egin ditu eta Hontza Museoan lan egiten du martxo amaieratik. Pozik dabilela eta asko ikasten ari dela dio.

Zelako esperientzia izan da orain arte?
Oso ona. Oso pozik nabil eta asko ikasi dut. Astelehenetik barikura egoten naiz bertan. Eskoletako bisitak daudenean museoa erakusten diet eta Enrike Huertari [museoko arduraduna] bere zereginetan laguntzen diot.  

Umeei zientzia 'saltzea' ez da erraza izaten batzuetan. Zelan moldatzen zara?
Umeak datozenean, gauzak ipuin kontalaria banintz lez kontatzen ahalegintzen naiz eta horrek lanketa bat eskatzen du. Baina museoak berak berez ere osagai asko du gaztetxoen arreta erakartzeko. Esaterako, sarreran dugun jirafagaz harrituta geratzen dira normalean. 

Eta zerk erakarri zuen zure arreta museoan lehenengoz sartu zinenean?
Munduko karramarrorik handienak. 2,90 metro neurtzen du eta hemen dugu, sarreraren ondoan. Eta hona etorri arte, ornitorrinko bat bertatik bertara ikusi barik nengoen. Pieza bi horiek harritu ninduten bereziki.

Museoan dagoen zer eramango zenuke etxera?
Tarantula bat, eskorpioi bat… etxean sartu eta segituan jendearen arreta erakarriko lukeen zerbait. 

Zelakoa da Enrikegaz lan egitea?
Beti umoretsu dagoenez, oso erraza da beragaz lan egitea. Gainera, ondo elkar hartzen dugu. Donazioak ditugunean lana banatzen dugu. Esaterako, orain hiru aste intsektu batzuk jaso genituen eta eurak sailkatzen aritu ginen; argazkiak ateratzen eta datuak sartzen.

Erakusketa berriren bat prestatzen zabiltzate?
Datorren ikasturteko erakusketa prestatzen gabiltza. Hezurdurei buruzkoa izango da: garezurrak, masailezurrak…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!