Kultur elkarte berriko sortzaileek urteak daramatzate herrian ekimenak antolatzen, eta, elkarteko sustatzaileetariko bat den Paul Aranaren esanetan, apurka "geroago eta indar gehiago" hartu dute . Esaterako, iaz ehun bat lagunentzako paella jana eta kontzertuak antolatu zituzten egun baterako, eta jendea "oso pozik" geratu zela ikusita indarrak kultur elkarte batean batzea erabaki zuten. "Ordura artekoari forma eta seriotasun bat emateko modua da elkarte berria", dio Aranak.
Herritarrei zabalik egongo den elkartea dela azpimarratu du Aranak: "Ekimen bat antolatu gura duenak elkarte hau erabili ahal izango du bere asmoa aurrera ateratzeko". Ildo horretatik, datozen asteetan galdetegi bat zabalduko dute herrian mañariarrek dituzten irrika nahiz kezka kulturalak ezagutzeko. "Etorkizun hurbilean elkartearen erronka Kafragakideekin bideratzea gura dugu, elkartearen sustatzaile eta partaide izango direnekin", azaldu dute.
Sasoi batean, harrobia heldu aurretik, Mugarrako atxa errepide ingururaino heltzen zen eta hango tontor batek Kafraga izena zuen. Desagerturiko tontor haren izena berreskuratu dute elkarte berrirako.