'ARRI' Ikuskizun berria, Mursegoren kontzertua, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia eta gehiago Mañariko Kultur Astearen barruan

Anboto 2023ko api. 26a, 13:28

Maite Arroitajauregi 'Murgeso'-k kontzertua eskainiko du maiatzaren 20an.

Kulturak leku pribilegiatua hartuko du Mañarian maiatzean. Kultur Astearen XIV. edizioa ate joka dator eta udalak ekimenez beteriko egitaraua antolatu du aurten ere maiatzaren 12tik 21era bitartean.

Aurtengo 'Maiatza kulturala 2023' ediziorako, hamar ikuskizun antolatu dituzte; hala nola haur antzerkia, musika, kale antzerkia, berbaldiak eta antzeko diziplinak barne hartzen dituztenak. Gustu eta adin guztietako publikoarengana heltzea izan dute helburu, udal ordezkarien esanetan. Horren adibide da egitarauko lehenengo ekimena: maiatzaren 12ko barikuan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek lehenengoz bisitatuko dute Mañaria, umeen gozamenerako.

ARRI ikuskizuna

Egitarauko bigarren hitzordua, 'ARRI' izeneko ikuskizuna, antzerkia, dantza, zirkua, magia eta halako diziplina eszenikoetako artistak bilduko dituen ekitaldia da, eta maiatzaren 13ko zapatuan izango da. Mañariko hainbat txoko eszenatoki ezohiko bihurtuko dute eta artistek iraupen laburreko ikuskizunak egingo dituzte bertaratzen direnen gozamenerako. Mañariko Udalak antolatu eta Ganso & Cía antzerki konpainiak koordinaturiko ekimena izango da. Gainera, ARRI ikuskizunak bizilagunak ekimenean "integratzera" eta " sormen unibertso hau beste aldetik ezagutzera" gonbidatzen dituela nabarmendu dute udaletik. "Benetako maratoi errepikaezina izango da, Mañaria sormenez tindatuko duena". 

Askotariko ekimenak

Maiatzaren 14ko domekan, 12:00etan, Tapia eta Leturia trikitilariek kontzertua emango dute plazan. 1984tik dabiltza plazarik plaza, eta, beraz, datorren urtean 30 urte beteko dituzte eszenatokietan. Egun berean, 19:00etan, Barsanti konpainiaren Kale Gorrian antzezlana ikusteko aukera ere egongo da. 

Hurrengo hiru ekimenak Errose Bustintza kultur etxeak hartuko ditu. Maiatzaren 16an, 'Bizkaiko kareharriak' izeneko berbaldia emango dute; maiatzaren 17an, 'Herri ibiltarien ipuinak' kontatuko dituzte; eta, maiatzaren 19an, Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak musika eta literatura uztartzen dituen ikuskizuna egingo dute.

Maiatzaren 20ko eguerdian, Tadanori Yamaguchi eskultoreagaz Angurretako harrobia bisitatzeko aukera egongo da. Yamaguchi japoniarrak 20 urte daramatza Asturiasen bizitzen, eta munduko herrialde askotan erakutsi ditu bere sorkuntzak. Bestalde, egun bereko arratsaldean, Maite Arroitajauregi musikariak —Mursego lez ezagunagoa da— kontzertua emango du. 2023ko Goya sarietan, abestirik onenaren eta jatorrizko musikarik onenaren sariak jaso ditu Irati filmeagaitik. 

Azkenik, maiatzaren 21ean, Artisautza, Elikadura eta Landare Azokaren XXVII. edizioa dute, baita Euskadiko Azpi-Gorri Azokaren VI. Lehiaketa ere.

Eskaintza, plazatik "haratago"

Ekimen asko plazan izango dira, baina handik "haratago" ere joan gura izan dute, herriko beste hainbat txokotara heltzeko. "Gure asmoa izan da kultura inguruetako beste toki edo auzo batzuetara eramatea, Kultur Etxea edo Angurretako harrobiak legez. Gainera, ARRI ikuskizuna ere herriko txoko ezberdinetatik antzeztuko da. Udalarentzako apustu handienetakoa da Maiatza Kulturala. Nahi duguna da herriko jendeak gozatzea eta kanpoko jendea ere erakartzea", adierazi du Ainara Otxotorena Mañariko alkateak.

EGITARAUA

MAIATZAK 12, BARIKUA

  • 18:·30 Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Plazan.

MAIATZAK 13, ZAPATUA

  • 17:30 'ARRI' Mañariko arte eszenikoen erakustaldia. Plazan hasita.

MAIATZAK 14, DOMEKA

  • 12:00 Tapia eta Leturia. Plazan.
  • 19:00 'Kale gorrian' kale antzerkia. Plazan.

MAIATZAK 16, MARTITZENA

  • 18:00 'Bizkaiko kareharriak' hitzaldia. Errose Bustintza kultur etxean.

MAIATZAK 17, EGUAZTENA

  • 18:00 Herri ibiltarien ipuinak. Errose Bustintza kultur etxean.

MAIATZAK 19, BARIKUA

  • 21:30 Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia. Errose Bustintza kultur etxean. (Aurretik eman behar da izena).

MAIATZAK 20, ZAPATUA

  • 12:00 eta 13:00 Tadanori Yamaguchi. Angurreta harrobian. (Aurretik eman behar da izena).
  • 19:00 Mursego. Angurreta harrobian.

MAIATZAK 21, DOMEKA

  • 11:00-14:30 XXVII. Artisau, elikadura eta Landare azoka eta Azpi-gorri txapelketa. Plazan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!