Silvia Sánchez idazleak Janis Joplin abeslariari buruz idatzi duen liburua aurkeztuko du, gaur, Mañarian

Joseba Derteano 2023ko ots. 17a, 11:30

Mañariko Herriko Tabernan 'With Janis Joplin' izeneko liburua aurkeztuko dute gaur, 20:00etan. Madrilen bizi den Silvia Sánchez gasteiztarra da idazlea. Herriko Taberna kudeatzen dutenak ezagunak ditu eta iazko urte amaieran kaleraturiko liburua Mañarian aurkeztera gonbidatu dute. Sánchez hantxe egongo da, liburuaren gaineko xehetasunak ematen.

Bere ibilbideko hirugarren liburuko protagonista umetatik entzun duen blues-rock abeslari bat da: Janis Joplin. 1970ean hil zen, 27 urtegaz. Bizi balitz 80 urte beteko zituen aurtengo urtarrilean. "Janis Joplini egindako omenaldia da nobela, bere musikak eta bere lorpenak izan zuten garrantzia ulertzeko modu bat", adierazi du idazleak. 

Nobelan datu biografikoak eta benetako gertaerak asmaturiko egoerekin nahasten dira. Nobelako osagai garrantzitsu bat fikziozko elkarrizketak dira; esaterako, hil aurreko eta 80 urte bete berri dituen Janis Joplinen artekoa. Ariketa horren eta antzerako beste batzuen bitartez, abeslari estatubatuarraren motibazioetan eta bizi izan zuen sasoian murgiltzeko aukera eskaintzen du idazleak. "Famak dituen askotariko aurpegietan barneratuko gaitu; musikak duen boterean eta abeslariek zaleekin duten hartu-emanetan; baita rockaren mundu maskulinizatuan emakume izateak duen esanguran ere", azaldu du Sanchezek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!