2023an zehar autoentzako aparkaleku berria egingo dute Mañarian, herriko sarreran dagoen parkean

Anboto 2022ko abe. 13a, 10:30

Mañarian 2023ko aurrekontuak onartu dituzte azken udalbatzarrean. 1.002.751 eurotan parekatu dituzte sarrera-irteerak. 

Inbertsiorik handiena aparkaleku berri bat egiteko erabiliko dute. 90.639 euroko diru atala gorde dute horretarako. Durangotik herrirako sarreran egingo dute, Santa Kurtze guruztokiaren parean dagoen parkean, eta 33 autorentzako tokia izango du. Posible bada 2023ko lehenengo seihilekoan hasi gura dituzte lanak, eta urtea joan aurretik amaitu. "Aparkatzeko dagoen arazoari irtenbidea eman gura diogu. Herritarrei egunerokotasuneko martxan laguntzea da helburua", adierazi du Ainara Otxotorena alkateak.

Bestalde, herriko elkarteei eman beharreko laguntza 45.000 eurora handitu dute. Guraso elkarteari udalekuak antolatzeko eman beharreko diru atala ere handitu dute. Aurten herrian erroldaturiko haurrek doako udalekuak izango dituzte. "Mañariko haurrek herrian bertan udako zerbitzua izatea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu", dio Otxotorenak. 

Kultura sustatzen jarraitzeko "apustua" mantenduko dute. Esaterako, besteak beste, 20.000 euro gorde dituzte kultur asterako, 12.000 urteko kultur ekintzetarako eta 9.000 maiatzeko azokarako.

Aurrekontuak gobernu taldeko (EH Bildu) botoekin onartu dituzte. EAJk kontra bozkatu du. Ezezkoaren arrazoi bat aparkalekua da. "Herrian berdegune gutxi dago. Gainera, ez dugu uste aparkatzeko arazoa kopontzen duenik. Diru asko da 33 plazarako. Arri Toki inguruan handiago bat egitea proposatu dugu, eta inbertsio guztia aldi berean egitea", dio EAJko Jon Muruagak. Otxotorena alkateak dio "ez" dutela aukera hori "baztertzen" etorkizunean, baina hainbat traba dituela: lurrak ez dira udalarenak, plan berezi bat egin beharko litzateke eta "ez dio irtenbidea ematen aparkatzeko egunerokotasuneko arazoari, herrigunetik urrun dagoelako". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!