Programako egitarauaren barruko ekimen bat domekan arratsaldean egingo dute; Nordic walking ikastaroa. Programako 15 bat gazteei eta euren gurasoei bideratuta dago, ekimena familia giroan egin dezaten.
Egitasmoaren barruan hilero mendi bat igotzen dute, arloan adituak diren mendi gidarien laguntzarekin. Ogoño lurmuturrerako igoeragaz hasi ziren, martxoan, eta apurka mendi garaiagoak ezagutu dituzte: Ipizte —eta han inguruko kobazuloa—, Untzillatx eta Txindoki, besteak beste. Pirinoetako mendi batera joateko asmoa, berriz, atzeratu egin behar izan zuten eguraldi txarragatik eta aurrerago egingo dute. Egutegiko mendi denak igotzen dituztenean, ekimena jaialdi batekin errematatu gura dute.