"Txakurra inportantea da artzainarentzat; txakurrik ez badaukazu ardiak burla egiten dizu"

Joseba Derteano 2022ko urr. 2a, 10:20

Bizkaiko Latxa eta Karrantzar Arrazetako Ardi Hazleen Elkarteak Artzain Eguna egin zuen, joan zen asteburuan, Atxondon. Bertan, Aurelio Ercilla Zugazti (Mañaria, 1937) omendu zuten, besteak beste. Ercillak artzain munduari eskaini dio bere bizitzako zatirik handiena. 

Zenbat abentura biziko ote zenituen artzain zinela…
Eta zenbat kilometro egin! 300 bat ardigaz, inoiz 500 ere bai. Beti gureak, Bizkerre baserrikoak. Aita artzaina nuen eta neuk ere hortxe jarraitu nuen. Nire anai-arreba batzuk ere ardiekin ibilikoak dira.

Eta nora egiten zenituen, bada, kilometro horiek guztiak?
Mañaritik Durangora, handik Muniketa igo, Urrutxu igaro eta Mendatara eta Albizera. Han, inguruko txabola batean egonaldi bat egin eta aurrera! Hurrengo, Gautegiz-Arteagara eta han ere egonaldi batzuk egin genituen, hamar bat urtean edo. Azkenean, belarra zegoen lekuan geratzen ginen. Gautegiz Arteagatik aurrera joaten ginen gero, Natxitura, Berezi lez ezagutzen den zonaldera, eta han beste egonaldi bat egiten genuen. Ederra parajea! Lekuan lekuko txabolak edo baserriak alokatzen genituen egonaldiak egiteko.

Zenbat urtez egin zenuten ibilbide hori?
25 bat urtean egingo genuen ibilbide hori. Lehenengoz 16 urtegaz, aitagaz.

Noiz egiten zenuten?
Normalean otsailean irteten genuen. Apur bat lehenago edo apur bat geroago, urte hartako eguraldiaren arabera. Lau hilabete ematen genituen kanpoan.

Bakarrik ibiltzen zinen?
Ez, Adon Ercilla anaiagaz. Biok ibiltzen ginen. Sei anaia eta arreba bi izan gara. Hiru anaia Ameriketan ibili dira artzain. Eta besteek ere ahal zutenean laguntzen zuten.

Txakurrik bazenuten?
Bai, txakurra inportantea da artzainarentzat. Txakurrik ez badaukazu ardiak burla egiten dizu. Alde batetik bestera ibiliko zara, alferrik. Izan ditudan txakur guztiak ez dira onak izan, baina azken urteetakoak bai, denak onak. Urko deitzen da orain dudana. Bere aurretik Sultan, Listo eta Lobi izan nituen. Denak txakur onak.

Beste ibilbiderik bazenuten?
Beste 30 bat urtean Gazteluara joaten ginen. Hori hurrago zegoen. Abadiño osoan ibiltzen ginen belar bila. Badakizu, belarra non gu hara; Orduan ardiei ez zitzaien pentsurik ematen eta batzuetan ez zen erraza hainbeste ardirentzat belarra aurkitzea. 

Orduan gaur egun baino artzain gehiago zegoen?
Benetan ere. Urbiatik eta Aralarretik ere etortzen ziren artzainak euren artaldeekin. Mendatan hainbat urtean egon ziren. Zornotzan ere ezagutzen nuen artzain bat. 

Gaztarik egiten zenuten?
Bai, gazta freskoa egiten genuen baserrian. Gero, esnea saltzen genuen eta okelarako ere saltzen genituen Iruñea eta Burgos aldera. 

Artzaintza ogibide gogorra dela uste duzu?
Gogortasuna egonaldiak egiteko lekuen araberakoa zen. Leku hona bazeneukan, pabilioiekin, errazagoa zen. Eta artzain bi behar dira. Batek bakarrik ezin du dena egin. Gaurko jendeak ez du artzain izan gura. Banaka batzuk badaude eta ondo prestatuta gainera, baina gutxi dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!