Bizkarrak eta Gorrotxategik Mañariko Denda eraman dute 50 urtean, eta iaz erretiroa hartu zuten. Urte askoan mañariarrei emandako zerbitzua eskertzeko modua da. "Horrelako zerbaitetarako gutaz akordatzeak asko esan gura du guretzat. Oso pozik gaude", adierazi du Bizkarrak.
Musika kontzertuak
Musikari dagokionez, askotariko estiloekin gozatu ahal izango da. Abuztuaren 14ko kontzertuak dira horren erakusgarri. Iheskide talde elorriarraren punk rock doinuak ez ezik, rap eta hip-hop musika ere entzungo da Dupla eta Nikotina taldeekin. Egun horretan, 04:00etatik 07:00etara bitartean, doako autobusa etengabe ibiliko da Mañaritik Durangoko Tabirara.
Biharamunean, abuztuaren 15ean, Mikel Urdangarinek emango du kontzertua. Bere lehenengo lana kaleratu zuenetik 25 urte bete dira aurten eta musikari zornotzarra bira batean murgilduta dabil hori ospatzeko.
Aurten, jai batzordeak herriko gazteen laguntza izan du hainbat ekintza aurrera eramateko: hilaren 14ko gazte olinpiadak eta 15eko herri kirolak gazteen ekimenari eskerrak antolatuko dituzte.
Bestelakoan, aurreko aldietan arrakastatsuak izan diren ekimenei eutsi diete. Esaterako, abuztuaren 16ko paella txapelketa jendetsua izaten da. Aurreko aldian, elektrotxaranga bat ekarri zuten txapelketa osterako, giro polita sortu zuen herrian, eta aurten errepikatu egingo dute.