Mañariko plaza familientzako kanpaleku erraldoi bihurtuko dute

Joseba Derteano 2022ko uzt. 8a, 12:53

Belarra azpian, izarrak zeruan eta, bien artean, kanpin-denda. Naturaz eta aire libreaz gozatzeko aukera herritik bertatik irten barik. Andra Mari guraso elkarteak antolatuta, familia askok kanpaleku erraldoi bat bihurtuko dute Mañariko plaza asteburu honetan.

2019ra arte hainbat bider antolatu zuten, beti harrera onagaz, eta pandemiaren ondoren ere berdin jarraitzen du. 82 lagunek eman duten izena. Guraso elkartetik adierazi dute ez zutela hain erantzun ona itxaroten. Gehienek kanpin-denda hartu, plazan ipini eta hantxe lo egingo dute zapatutik domekarako gauean. Beste batzuek, kanpin-dendarik ipini ez, baina asteburuan zehar antolaturiko askotariko ekintzetan parte hartuko dute: errekako ibilaldian, gaueko ibilaldian, dantzetan, jolasetan, kros lasterketan… Adin tarteka banatuko dituzte ekintzak. Errekako ibilaldian, parte hartzaileek fenomeno bitxi bat ezagutuko dute. Izan ere, udako egunetan Mañaria errekako zati bat urik barik geratzen da Urkuletara bidean, ura lur azpitik doalako. Bide horretan zehar ibiliko dira. 

Kanpin-dendak plazako belardian ipiniko dituzte, baina jende askok eman duenez izena, baliteke batzuek belarditik kanpora ere ipintzea denda. Domekan denek elkarregaz bazkalduko dute plaza ondoko Herriko tabernan prestaturiko paella.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!