Mañarian Durangaldeko Txistulari Eguna ospatuko dute domekan, kalejira, kontzertu eta dantzekin

Joseba Derteano 2022ko eka. 3a, 12:00
Txistulari Eguna Zornotzan egin zuteneko irudia.

Domeka honetan, Durangaldeko Txistulari Eguna ospatuko dute Mañarian. Ekimen hau egiten den 66. aldia izango da aurtengoa. Normalean, martxoan egiten dute, baina COVIDa dela-eta ekaineko lehenengo asteburura atzeratu behar izan dute. 

Ohikoa den moduan, Durangaldeko eta beste hainbat herritako txistulariak batuko dira Mañarian. 10:00etan, txistulari guztiak elkarregaz ibiliko dira kalejiran herriko kale nagusietatik. 12:30ean, kontzertu bat emango dute herriko plaza nagusian. Baina txistulariak ez dira bakarrik arituko. Izan ere, Mañariko Kirikiño abesbatzakoak eta Zornotzako dultzaineroak izango dituzte lagun; Udaberrian eta Maitetxu mia abestiak eta Juan Bilbao Mañariko dultzaineroaren hainbat lan eskainiko dituzte, besteak beste. Kontzertua amaiturikoan, txistulariek Erregelak dantzatuko dituzte, plazan. Ondoren, jaieguna amaitzeko, partaide guztiak batuko dituen bazkari bat egingo dute.

Txistulari Eguna Jaizale elkarteak antolatu du. Jaizale eskualdeko herrietan hainbat jarduera antolatzen duen txistulari elkartea da. Besteak beste, Durangaldeko Txistulari Egunaren ardura dute. Egun horretan, inguruko musikariek eta Euskal Herriko beste hainbat tokitatik etorritakoek ere parte hartzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!