Mañariko plaza inguruan artisau, elikadura eta landare azoka egingo dute domeka honetan, askotariko 25 postugaz

Joseba Derteano 2022ko mai. 20a, 15:00

Domeka honetan, Mañariko artisau, elikadura eta landare azokaren 26. aldia egingo dute plazan, 10:00etan. Askotariko 25 postu batuko dira bertan, aurreko aldietako antzerako kopurua.

Deneriko produktuak aurkitu ahalko dira eta batzuk eskualdekoak dira: Andoni Padilla otxandiarraren edo Aitor Urien abadiñarraren gaztak eta Mallabiko Mañeko gozogintza, besteak beste. Horrez gainera, patea, txakolina, produktu ekologikoak eta eztia dira azokan erosi ahalko diren beste produktu batzuk. Jan-edanik ere ez da faltako. Ohiturari jarraituz, antxume bat erreko dute plazan, eta pintxotan salduko dute. Bestalde, frontoian umeentzako ekintzak izango dira. Alluitz Naturako kideek ortu ekologikoari eta artileari buruzko tailerrak eskainiko dituzte. 

Hutsik egingo ez duen beste jarduera bat azpigorri arrazako ahuntzen lehiaketa da. Ahuntzak plaza ondoko aparkalekuan egongo dira ikusgai. Ondorioz, aparkalekuan ezingo da kotxerik aparkatu bariku goizetik astelehen eguerdira. 

Zirkubira eta dokumentala
Mañariko hamabostaldi kulturalaren barruan beste ekintza batzuk ere egongo dira. Gaur, maiatzak 20, 19:00etan, Tipularen sehaska kanta dokumentala eskainiko dute liburutegi zaharrean. Lander Garrok zuzenduriko film-dokumentalak kartzelan gaixotasunak suposatzen duen samina azaleratzea du helburu. Horretarako, kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenekin egon da.

Azkenik, zapatuan, azoka bezperan, jaia kalera aterako dute Zirkobira taldearen animazioagaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!