Rock-and-rollaren historiako artistak protagonista dituen erakusketa inauguratu dute Mañariko Herriko Tabernan

Joseba Derteano 2022ko api. 12a, 11:50

Lau hilabete joan dira Mañariko Herriko Taberna berriro zabaldu zutenetik, eta arduradun berriek euren zigilu propioa ipini diote dagoeneko. Margolanen erakusketa bat antolatu dute eta urtea amaitu arte egongo da ikusgai. 

Erakusketako hamabi lanak batzen dituen haria rock-and-rolla da. Musika estilo hori sortzen eta garatzen lagundu zuten hainbat ikono dira protagonista: Chuck Berry, Little Richard, Elvis, Janis Joplin, Iggy Pop, John Bonham… Baina koadroak ez dira musikarien ohiko erretratuak, sortzaileak haien inguruan egiten dituen interpretazioak baino. Eduardo Roncero da koadroen egilea. Ciudad Realen (Gaztela-Mantxa, Espainia) jaiotakoa, Kantabrian bizi da gaur egun. Bere koadroetako ezaugarri bat  bihurguneak dira eta curvismo deitzen dio bere proposamenari. 

Herriko Tabernako arduradunetariko batek, Enrike De Costak, U2 taberna eraman du iaz arte, eta taberna horretako jai batean ezagutu zuen Roncero. Harrezkero, hartu-emana izan dute eta koadro batzuk ere erosi dizkio. "Oso pozik gaude erakusketagaz. Taberna dekoratu egiten du eta baliteke etorkizunean ere gehiago antolatzea", adierazi du De Costak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!