Antolatzaileak pozik daude Mañariko auzo eta baserriak hobeto ezagutzeko irteeren harreragaz

Joseba Derteano 2022ko api. 6a, 10:04

Mañariko Andra Mari Aisialdi eta Kultura elkarteak bost ibilaldi antolatu zituen herriko auzo eta baserriak ezagutarazteko. Joan zen astean egin zuten azkenengo irteera. Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute hile hauetan antolaturiko ibilaldien inguruan.

"Batzuetan gehiagok eta beste batzuetan gutxiagok parte hartu dute, baina, orokorrean, oso gustura geratu gara", azaldu du Karmele Gonzalez de Audikana Andra Mari Aisialdi eta Kultura elkarteko kideak. "Aukera ezin hobea izan da herria ezagutzeko. Aurrerantzean ere ibilaldi gehiago antolatzea posible da", azaldu du. Antolatzaileen esanetan, badago bisitatzeko leku gehiago, Mañariko minak, esate baterako. 

Jon Arzubia  izan da ibilaldietan azalpenak eman eta gidari lana egin duena. Mañariarrak dioenez, herriko historiari buruzko azalpenak berak eman dituen arren herrikideek auzoei buruz ezagutzen dutena partekatu dute. Beraz, ibilaldietan informazio trukea izan da. 

Urriko lehenengo irteeran, Aldebarrena auzotik ibili ziren. Bigarrena azaroaren 21ean izan zen, Aldebaraieta auzotik. 2022ko urtarrilaren 9an, Arrueta auzoa ezagutu zuten. Azkeneko irteera bietan, otsailaren 20an eta martxoaren 20an, Aldegoiena auzotik ibili ziren. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!