Mañarian bizi den Mikel Garcia Urien durangarra da proiektuko sustatzaileetariko bat. Mendi ertaineko gidari titulazioa du eta, besteak beste, Bizkaiko Mendi Federazioagaz lan egiten du.
Egitasmoa 12tik 18 urtera arteko gazte mañariarrei zuzenduta dago eta, mendirako zaletasuna pizteaz gainera, hainbat helburu bete gura ditu: mendiko teknikak ikastea, orientazioa, balioak, talde izaera, naturarekiko ikuspegia… "Mendira igo, jaitsi eta kito. Ez dugu hori bakarrik izatea gura. Gehiago sakondu gura dugu", dio Garciak. Proiektuko leloak, Gaurko hazia biharko lorea, ondo islatzen ditu helburuak. "Gaur jakinduria bat eta mendirako mekanismo batzuk eman gura dizkiegu gazteei, etorkizunean autonomia osoz eta segurtasunez euren kontura joan daitezen mendira", azaldu du Garciak.
Hilero irteera bat
Udalaren laguntza duen egitasmoa '0-2000' deitzen da. Izan ere,helburua honako hau da: erronka errazetatik abiatu eta apurka 2000 metroko garaiera duen mendi bat igotzera heltzea. Hilero irteera bat egingo dute, domeka batean. Lehenengoa martxoaren 27an izango da. Ogoñora joango dira, Laga eta Elantxoberen artean dagoen lurmuturrera.