Mikel Bizkarrak zorte txarragaz hasi du denboraldia

Maialen Zuazubiskar 2022ko ots. 16a, 15:01

Argazkia: Twitter @FundaCiclisEusk

Eroriko baten ondorioz mañariarrak ez du gaur hasi den Andaluziako Itzulian parte hartuko.

Mikel Bizkarra txirrindulari mañariarrak ez du zorte onik izan denboraldi hasieran. Urtarril amaieran eman zion Bizkarrak denboraldiari Mallorkako Challengean, maila ezin hobean. Mallorkan 13. postu bat eta mendiko saria eskuratu zituen, besteak beste.

Otsail hasieran, berriz,  Covid-19aren ondorioz, Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariak ezin izan zuen Valentziako Itzulian parte hartu. Otsailaren 12an, ostera, lasterketetara itzuli zen Bizkarra. Murtziako Itzulian parte hartu zuen, baina eroriko batek lasterketatik kanpo utzi zuen.

Euskaltel-Euskadiko txirrindularia gaur hasi den Andaluziako Itzulian parte hartzekoa zen, baina sare-sozialetan iragarri duenez, ez da bertan izango. Murtzian izandako erorikoaren ondorioz, ukondoa eta besaurrea minduta ditu eta. "Denboraldi hasiera zaila izaten ari da niretzako. Hala ere, ondo sendatutakoan ahalik eta indartsuen bueltatzen saiatuko gara", aitortu du sare sozialetan Bizkarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!