Geletan gehitu dituztenekin, museoko aleak 1.500 izatetik 2.000 izatera pasatu dira, hau da, orain arte baino 500 gehiago, ohar batean azaldu dutenez. Ale horiek guztiak bederatzi gelatan eta beste erdi batean banatuta daude. Gelarik gehienak animalia erreinuko aleek osatzen dituzte; ornogabeek (Poriferoak, krustazeoak…) eta ornodunek (ugaztun, hegazti, anfibio, narrazti eta arrainak). Bada beste gela bat, 'Kirikiño' izenekoa, zeinetan geologiagaz lotuta dauden bildumetako aleak dauden ikusgai, hala nola fosilak, munduko hareak, arrokak eta mineralak. Azkenik, beste gune batean landareen eta onddoen erakusketa dago.
Erakusketa itsastarra
Bestalde, 2022ko irailera arte ikusgai jarraitzen du itsasoko askotariko animalien hezurrekin osaturiko erakusketak. Plentziako AMBAR kontserbaziorako eta ikerketarako elkarteagaz elkarlanean antolaturiko erakusketa da.
Bitrina batean, itsas txakur grisaren eta mazopa arruntaren hezur batzuk eta honako hiru animalien garezurrak daude: karetarena eta laut dortoka espezieena, eta itsas txakur grisarena. Beste bitrina batean, cuvier moko-balearen garezurra eta orno bat, eta zere txiki balea espeziearen orno bat eta hainbat aho-bizar dago. Balea espezie txiki honek —8-10 metro— 250 bat bizar pare izaten ditu ahoan. Bere elikadurarako beharrezko tresna da, ez dauka haginik eta.