“Pena ematen digu U2 uzteak, baina Herriko Taberna hartzea pauso bat aurrera ematea da"

Anboto 2021ko abe. 23a, 13:55

Enrike De Costa eta Irune Garitaonandia senar-emazteek Mañariko U2 tabernaren ardura izan dute orain arte. Aurrerantzean etapa berri bati ekingo diote, errepidearen beste aldean Herriko Tabernaren ardura hartu dute eta. Eguaztenetik zabalik dago.

Ilusionatuta etapa berriaren aurrean?
Irune Garitaonandia: Bai. Ezezagunari beti izaten zaio beldur apur bat, baina batez ere ilusioa da daukaguna. Urduritasuna eta ilusioa.

Urte asko eman dituzue U2 tabernan.
I.G.: Bai, Enrikek hamalau-hamabost urte eman ditu. Nik zazpi urte daramatzat beragaz eta azkenengo hiru urteak eman ditut tabernan lanean. Hantxe elkar ezagutu genuen. U2 tabernan izan zen gure lehenengo musua!

Pena ematen dizue U2 uzteak?
I.G.: Pena itzela! Nik beti esan dut U2 taska bat baino gehiago izan dela. Negar anpuluak ere irten zaizkigu. Bizipen asko dira eta, azkenean, herriko jendeagaz familia bat sortu dugu. Hantxe elkartzen ziren asko. Ez zegoen derrigor kuadrillan joan beharrik. Bakarrik joaten zenak ere beti aurkitzen zuen norbait.

U2 hain berezia bazen, zergaitik erabaki duzue aldatzea?
I.G.: Herriko tabernarako lehiaketak irten zuenean elkarri esan genion: "Zergaitik ez?". Pena ematen digu U2 uzteak, baina Herriko Taberna hartzea pauso bat aurrera ematea da. U2n afariak ematen hasi ginen, baina ez zegoen toki askorik. Herriko Tabernan espazio gehiago dago eta aukera gehiago dugu alde horretatik hazteko.

Zein izango da eskaintza?
E.D.C.: Eguneko bazkariak ematen hasiko gara. Bariku, zapatu eta domeketan bazkariak ez ezik afariak ere emango ditugu, eskaintza zabalagoagaz. Mendizale asko etortzen denez, eurei begirako bazkariak ematea da plana. Esaterako, U2ko karrillerak ezagunak ziren eta hori ere eskainiko dugu. Neu izango naiz sukaldaria eta Ana arrrebak lagunduko dit.
I.G.: Ni denean arituko naiz apur bat. Sukaldean, zerbitzen…

Zelan sortu daiteke U2k zuen xarma Herriko Tabernan?
I.G.: Gatxa da. Tabernaren esentzia Enrike zen eta berak jarriko du. U2-n beheko sua genuen eta haren bueltan batzen ginen sarritan, zahar eta gazte; Herriko Tabernan ez dago beheko surik, baina haren bueltan sortzen zen berotasun hori han ere joango gara sortzen.

Eraman duzue U2ko ezer oroigarri modura etxera?
E.D.C.: Bai, eraman dugu eta herriko jendeak ere eskatu dizkigu gauzak. Batek propinen kanpaia eraman du; beste batek Motorhead taldearen koadroa. U2ren zatitxo batek beti iraungo du euren etxeetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!