Mañarian San Silvestre lasterketa antolatuko dute lehenengoz abenduaren 31n

Anboto 2021ko abe. 23a, 08:30

Korrika nahiz mendi bizikletan egin ahalko da lasterketa.

Durangoko Kirol Errota klubak, Mañariko Udalaren laguntzagaz,  San Silvestre lasterketa antolatuko du Mañarian abenduaren 31n, 10:30etik aurrera. 10 kilometroko ibilbidea diseinatu dute herriko auzoetatik. Korrika nahiz mendi bizikletan egin daiteke. Bizikletan dabiltzanek itzuli bi emango dizkiote ibilbideari (20 km). Aurretiko izen-ematea kirolprobak.com webgunean egin daiteke abenduaren 28ra arte (12 euro). Egunean bertan ere eman ahalko da izena.

Durangon ere San Silvestre lasterketa egongo da aurten Kili Kolo kirol klubak antolatuta. Antolatzaileek 5.000 metroko zirkuitua diseinatu dute, Santa Ana plazatik irtenda. 17:30an eta 17:40an, 0-10 eta 11-15 urtera artekoen lasterketak hasiko dira, hurrenez hurren. Alde Zaharrari itzuli bat emango diote.  Nagusien proba 18:00etan hasiko da: Alde Zaharrari itzuli bat eman ostean ibilbide luzeari itzuli bi eman beharko dizkiote. Izen-ematea egunean bertan egin behar da: Santa Ana plazan, 16:30etik aurrera. Umeen izen-ematea doakoa da eta nagusiena, berriz, sei euro. Sariak egongo dira lehenengo hiru sailkatuentzat eta mozorro onenarentzat.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!