“Mendiagaz loturiko artxiboek sortu didate interesik gehien”

Aitziber Basauri 2021ko aza. 20a, 10:20

Herriko historia eta ondarea berreskuratzeko modua da bertoko toponimia jasotzea. Hala uste du Jon Arzubia Etxanobek (Mañaria, 1982), eta Mañariko toponimia jaso guran antzinako artxiboetan murgilduta dabil. Bizkaiko Foru Aldundiko artxibo digitalizatuekin hasi da. "Toki bakoitzak bere izena du eta asko galtzear daude. Neurri batean, normala da. Bizi garen garaian bizi gara, baina pena da", dio mañariarrak. Makina bat informazio eta bitxikeria jaso du eta herritarrekin partekatzeko aukera du orain, Andra Mari Aisialdi eta Kultura elkartearen gonbita onartu eta gero. Urrian egin zuten lehen ibilaldia, eta domekan Aldebaraieta auzoan ibiliko dira.

Zelako harrera dute auzoetatik antolaturiko ibilaldiek?
Ona. Batzuengan interes handia sortu da eta egin dituzte euren ekarpenak. Benetan eskertzekoa da. Aukera hori ematea oso positiboa da. Geroago eta jende gehiago animatu orduan eta  ekarpen eta bizipen gehiago ezagutzeko aukera izango dugu.

Toponimia izan duzu helburu, baina askotariko informazioa topatu duzu.
Herriko toponimia batzeko helburuagaz ekin nion beharrari. Leku guztiek dute euren izena eta nik ez nituen ezagutzen. Gero, mendien kudeaketari buruzko agiriak ere topatu nituen, aipamen toponimiko zuzenik egin ez arren  datu berri bat topatzeko beste norabide bat eman didatenak. Mañariari eta Izurtzari buruzko artxiboak irakurri ditut, antzina biek batera kudeatzen zituztelako herri-basoak; gero, lur horien heren bat Izurtzari egokitu zitzaion, eta beste biak Mañariari. Aldundian Mañariari buruzko 2.600 agiri daude, eta 167 bat digitalizatuta daude. Distantzia luzeko lasterketa da, artxibo asko dut irakurtzeko, lan asko dut egiteko. Ez dut presarik. Gogoz nago eta joango naiz denak irakurtzen, interesa sortzen didatenak behintzat. Mendiagaz loturikoek sortu didate interesik gehien.

Bitxikeria edo pasarterik topatu duzu?
Bai, Mañariak ez zeukala herriarena zen lurrik oraintsu arte; uztailean lau hektarea erosi zituen. Lehenengo karlistadatik dator hori. Gerra ordaintzeko, herritarrek dirua ipini behar izan zuten eta udala zorpetu egin zen. Zor hori kitatzeko, udalak herriko lurrak eman zizkien herritarrei. Baina lur-jabeei baino ez. Errentariek, adibidez, ez zuten ezer jaso. Batzuentzat lapurreta izan zen; beste batzuentzat, egin zitekeen bidezkoena. 1927an sinatu zituzten eskriturak. Eliza handitu egin gura izan zutela ere irakurri dut.

Noiz izan zen hori?
1950ean, elizari atxikituta dorre bat eta eraikin bat altxatu gura izan zituen udalak, eskola eta udaletxea hara eramateko. Elizaren atzeko horma bota egin zuten horretarako, baina obra ia amaituta zegoela, teilatua ere ipinita, eraikina jausi egin zen. Elizako atzealdea agerian geratu zen denbora luzez. Zaindari bi egoten ziren elizako objektu baliodunak inork ez lapurtzeko. Gero, zurezko horma bat altxatu zuten. Herritarrak ere kexu ziren, hotza sartzen zelako.

Mañariko baserrien zerrenda osatu duzue udalagaz, desagertuta dauden baserriak ere bat-uta.
Bai. 6-7 baserri daude desagertuta. Arrueta auzoan zegoen Mugaburu baserria ere lokalizatu dugu artxiboak arakatuta. Inork ere ez zuen horren akordurik. Domekan, jaustear den Axpe baserria ikusiko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!