Mañarian irteerak antolatu dituzte, bertako auzo eta baserriak hobeto ezagutzeko

Joseba Derteano 2021ko aza. 10a, 08:42

Mañariko Andra Mari Aisialdi eta Kultura elkarteak ekimen berri bat martxan ipini du. Bost ibilaldi antolatu ditu, herriko auzoak eta baserriak ezagutarazteko.

Lehenengoa urrian izan zen; hurrengoak azaroan eta 2022ko lehenengo hiruhilekoan izango dira. Parte hartzaileek auzo bakoitzean dauden baserrien edo dagoeneko desagertuta dauden baserrien zerrenda bat jasoko dute, eta ibilbidea egin ahala ikusi ahalko dituzte. Zerrenda hori egiteko, herriko historian aditua den Jon Arzubia Etxanobe mañariarraren lana azpimarratu dute antolatzaileek. Arzubiak askotariko azalpenak ere emango ditu ibilaldi bakoitzean.

Urriko lehenengo irteeran, Aldebarrena auzotik ibili ziren. Bigarrena azaroaren 21ean izango da, Aldebaraieta auzotik. 2022ko urtarrilaren 9an, Arrueta auzoa ezagutuko dute. Azkeneko irteera bietan, otsailaren 20an eta martxoaren 20an, Aldegoiena auzotik ibiliko dira. Irteerak 10:00etan hasiko dira, Mañariko plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!