Mañariko Errekondo jatetxea berriro ere zabalduko dute etapa berri bati ekinez

Joseba Derteano 2021ko urr. 11a, 08:56

Arantxa Alzaa Errekondo jatetxeko terrazan

Urtebete itxita egon eta gero, Mañariko Errekondo jatetxea zabalik dago berriro. 22 urtean Goiuriako Ikuspegi jatxearen ardura izan dutenek gidatuko dute aurrerantzean.

Joan zen aste amaierako egun batzuetan zabaldu zituen ateak, proba moduan, eta aste honetako martitzenean inaugurazio ekitaldia egin dute herritarrekin. Dena ondo badoa, gutxienez lau urtean egongo da zabalik, epealdi horretarako kontratua sinatu dute-eta udalagaz.

Asteko sei egunetan zabalduko dute. Astegunetan, astelehenetik barikura (egun bat itxita), eguneko menuak eskainiko dituzte. Asteburuetan, janari eta edari karta egongo da aukeran. Eta baita errazioak ere: txibierroak, kroketak… Horrez gainera, eguenetan, barikuetan eta zapatuetan afariak emango dituzte.

Hasieran, 11:00etatik 23:00etara egongo zabalik astegunetan, eta gauez beranduagora arte asteburuetan, baina ordutegiak moldagarriak direla diote.

Arantxa Alzaa Urionaguena da barraren atzean egongo denetariko bat. Goiuriako Ikuspegin hainbeste urtean egon eta gero, erronka berri bati ekiteko "ilusioz" daudela dio. "Goiurian urte asko generamatzan eta apur bat nekatuta geunden. Zerbait berria probatu gura genuen eta Errekondo eroateko aukera sortu zen. Gainera, Ikuspegi oso jatetxea handia zen; Mañarikoa txikiagoa eta maneiagarriagoa da, eta hori bilatzen genuen", adierazi du Alzaak. Iurreta Mañariagaitik aldatu dute, baina ez da toki arrotza eurentzat. "Mañarian jende asko ezagutzen dugu, Ikuspegira joaten ziren hainbat gazte, esaterako", azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!