Animalia guztiak Kantauri itsasoan hondartuta geratu ondoren hil ziren eta AMBAR elkarteak jaso zituen. AMBAR elkartea 1988an sortu zen. Plentziako gobernuz kanpoko erakunde bat da, zetazeoen eta bestelako animalia itsastarren ikerketa eta kontserbazioa xede dituena. Hondartuta geratutako animaliei nekrosia egin eta gero, euren hezurrak gorde eta erakusketak antolatu izan dituzte Plentzian. Orain, Hontza museoagaz lankidetzan, hezur horietariko batzuk Mañarian ikusi daitezke.
Bitrina batean itsas txakur grisaren eta mazopa arruntaren hezur batzuk eta honako hiru animalien garezurrak daude: karetarena eta laut dortoka espezieena, eta itsas txakur grisarena.
Baleen aho-bizarrak
Bigarren bitrinan, cuvier moko-balearen garezurra eta orno bat, eta zere txiki balea espeziearen orno bat eta hainbat aho-bizar dago. Balea espezie txiki honek —8-10 metro inguruko luzera du— 250 bat bizar pare izaten ditu ahoan. Bere elikadurarako beharrezko tresna da, ez dauka haginik eta. Horrela, ura xurgatu eta berriro botatzean, elikagaiak —karramarroak eta abar— bizarretan trabatuta geratzen dira. Balea espezie handiagoa —25 bat metro— den zere arrunt baten aho bizarrak ere ikusgai daude erakusketan.
Pilotu-izurde hegaluzearen hezur batzuk ere badaude. Baleen moduko portaera badu ere, Delphinidae familian sailkatzen da, izurdeekin batera.