“Pandemiaren aurretiko bisita kopurua hirukoiztu dugu”

Aitziber Basauri 2021ko ira. 12a, 10:00

‘Kirikiño’ idazlearena izandako etxean du aterpe Hontza Museoak. Zazpi urte dira gaztetatik amestutako natur zientzien museoa zabaldu zuela Enrike Huertak, familia osoaren inplikazioagaz. Hala ere, ametsa osorik bete dadin borrokan jarraitzen du Hontza Museoaren Fundazioaren presidenteak, museoak Durangon beharko lukeela uste duelako. Leire alaba du bidelagun, museoko zuzendari lez.

Udari azken astindua ematen gabiltzan honetan, zelan joan da bisitari kopurua?
Leire Huerta: Oso pozik gaude. Pandemiaren aurretiko bisita kopurua hirukoiztu dugu. Ez du eguraldi ona egin hondartzara edo mendira joateko, eta jendea animatu egin da hona etortzera, plan alternatiboak egin dituzte. Durangaldetik etorri dira batez ere, baina Euskal Herriko beste hainbat tokitatik ere bai, eta Bartzelona, Madril, Errioxa edo Valentziatik. Iazko ikasturtea oso txarra izan zen. Eten izugarria gertatu zen. Ea aurten egoera malgutzen den. Eskolekin hartu-emana berreskuratzea dugu orain erronka.
Enrike: Museoak helburu didaktikoa eta zientifikoa izan du beti. Arlo zientifikoan, hezkuntza-zentroen osagarri izan daiteke.

Ikasturte honetan gela berri bi zabaltzea ere baduzue erronka.
Leire: Bai, hegaztei eta narrastiei eskainitakoak. Zirkuitua itxiko genuke,  bisita zirkularra eskainiz.

Zerk erakartzen du gehien bisitaria?
Leire: Karramarro erraldoiak, hartzak, jirafak, albatrosak... zientifikoki balio handiagoa izan dezaketen arren ale txikiagoek.

Mundu osoko animaliak ikusi daitezke museoan. Zein da bitxiena?
Enrike: Ehun urtetik gora dituen Australiako ornitorrinkoa. Munduko animaliarik bitxiena da. Arrautzak erruten dituen ugaztuna da, ahatearen mokoa du, kastorearen buztana, eta igarabaren gorputza eta hankak ditu. Arrak ezproi pozoitsu bi ditu eta kumeek amaren poroetatik isuritako esnea miazkatzen dute. Hartz-inurrijale nanoa ere badugu, baina ez dago ikusgai.

Hiru hamarkada igaro dira proiektua jaio zenetik. Zure umetako ametsa izan da, Enrike.
Enrike: Bai. 12 urtegaz Donostiako Akuariumera joan nintzen gurasoekin, eta pentsatu nuen Durangaldean natur zientzien museo bat sortu behar zela. Orduan hasi nintzen aleak batu eta gordetzen. Gaur arte. Museoan 1.500 ale daude ikusgai, baina 45.000tik gora ditugu gordeta; eta handituz doan kopurua da. Museoa 1987an zabaldu genuen lehenengoz, Mañariko beste eraikin batean. Hiru urte egon zen zabalik.

Familia proiektua da Hontza Museoa.
Leire: Ez da beste aukerarik egon, eta aurrera egin dugu. Bestela, kaxetan gordeta ustelduko zen dena.
Enrike: Euskal Herrirako natur zientzien museoa sortzea izan da gure desioa; Durangon, jakina. Durangarra naiz eta hori lortzeko borrokatu naiz beti. Eta jarraitzen dut.

Nondik batu dituzu ale horiek guztiak?
Enrike: Umetan zoro-zoroan hasi nintzen arren, gero ikasten, aztertzen eta bidaiatzen hasi nintzen. 150 museotik gora bisitatu ditut, hainbat kide, lagun eta elkatruke egiteko bidea zabalduz. Nik batutakoak dira asko, eta beste piloa donazioak, moja edo fraideen ikastetxeek edo norbanakoek emandakoak.

Zein da eduki gura zenuketen ale hori?
Enrike: Asko falta dira, baina, ketzal bat eduki gura nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!