Mañarian laster hasiko dituzte udaleko hainbat eraikinetan aerotermia berokuntza sistema jartzeko lanak

Anboto 2021ko uzt. 5a, 09:21

Sistema berriarekin CO2 emisioak erdira gutxitzea aurreikusten dute.

Mediku kontsultategi berriak joan zen asteko eguaztenean zabaldu zituen ateak, kokaleku berrian. Horrela, aldaketa horren menpe zeuden beste proiektu batzuei ekiteko modua du orain udalak. Herriko Taberna eraberritzeko eta handitzeko proiektua da bat, lehen kontsultategiarena zen espazioa tabernara gehituko dutelako. Horregaz batera, udaleko hainbat eraikinetan aerotermia bidezko berokuntza sistema ipintzen hasiko dira uztailaren 12ko astean.

Aerotermia sistemak propano bidezkoa ordezkatuko du. Herriko Tabernan, udaletxean, liburutegi zaharrean eta haurreskolan ipiniko dute berokuntza mota berria eta proiektu energetikoetan aditua den Alet enpresa da lanak egiteko arduraduna. Sistema berriagaz, udalak dirua aurreztea aurreikusten du. Horregaz batera, ingurumen aldetik jasangarriagoa den berokuntza sistema batera urratsa eman gura dute, udal arduradunen esanetan. 

CO2 emisioak erdira

Erreforma horrekin, Efizientza Energetikoko Zertifikatuan B kalifikazioan lortuko dute eraikinean. Udaletxeko eraikinean CO2 emisioak urtean erdira jaitsiko dira: 31 kgCO2/metro karratutik 15.7ra. Liburutegiaren eta haurreskolaren kasuan CO2 emisioak %42,4an jaitsiko dira, Alet enpresako arduradunek informatu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!