Mañariko Dendak ez du funtzionatu eta uztail amaieran itxiko dute; udalak berriro atera du lehiaketara

Joseba Derteano 2021ko eka. 29a, 08:47

Mañariko Denda berriak ez du funtzionatu. Zabaldu zenetik hiru hilera, uztaila amaitzen denean, ateak itxiko ditu. Udalak negozioaren kudeaketa berriro esleitzeko prozedura martxan ipini du asteon.

"Oso jende gutxi etortzen da dendara. Zenbakiek ez dute ematen eta ezinezkoa da zabalik mantentzea", azaldu du oraindino negozioaren ardura duen Marcel Martinek. Bere ustez, aurreko dendako "bezerorik gehienak" Mañaritik kanpokoak ziren eta horiek orain ez dira denda berrira joaten. Eta herritik bertatik joaten direnekin ez du nahikorik ateratzen denda zabalik mantentzeko. Denda goiz eta arratsalde zabaltzen hasi zen eta gaur egun goizetan baino ez du zabaltzen.

Ainara Otxotorena alkatearen ustez, arazoa beste bat izan da. "Mañarian enkajerik ez duen denda eredu bat sortu du, delicatessen moduko bat. Herritarrek, ostera, supermerkatu txiki bat gura dute, zerbait funtzionalagoa, egunerokotasunean erabiltzeko produktu gehiago salduko dituena", esan du.

Negozioa lehiaketara
Udala negozioa berriro esleitzen ahaleginduko da. Aste honetan bertan publiko egin dituzte oinarriak, eta interesatuek 15 eguneko epea dute euren proposamenak aurkezteko. Beraz, baliteke denda itxi eta gutxira berriro zabaltzea, proposamenak jasotzen badituzte. Interesatuekin oinarriei buruz berba egiteko "atea zabalik" dutela adierazi du Otxotorenak. "Proposamenak jaso eta entzuteko prest gaude. Denda zabaltzea da gura duguna, eta herritarrei zerbitzua ematea", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!