“Neska gazteentzat beti egon da emakume musikarien erreferente falta”

Aritz Maldonado 2021ko eka. 25a, 15:45

Sua taldea Ane Barrenetxeak, Janire Lopezek, Esteban Gabiriak eta Julen Gilbert Wrightek osatzen dute. Ezohiko urte baten ondoren, udarako agenda hitzorduz beterik dute. Durangaldean gaur dute zita.Mañarian joko dute, 19:30ean. Ane Barrenetxeak ANBOTOren galderei erantzun die.

Gaur egungo momentuak izan du eraginik taldearen sormen prozesuan?
Egoera honetan estimulu falta itzela izan dut. Horregaitik, sarritan ez dakizu abestietan zer kontatu. Iazko urtea, Hormak apurturen kasuan bizi izan genuen momentuaren isla izan zen. Lau hormaren artean, irten barik, eta hori guztia. Hala ere, inspirazio falta apur bat nabaritu dut. Esperientziak eta egoerak bizi egin behar dituzu abestietan islatzeko. Alde horretatik, monotoniak mugatu egiten zaitu. Bestalde, entseguetan denok batera sortzen ditugu abestiak. Inprobisazioetatik abiatzen gara. Pandemia garaian hori etxetik egitea ez da erraza izan.

Janirek eta zuk sortu zenuten taldea. Geroago batu ziren Esteban eta Julen. Zelan daramazue gidaritza sormenean?
Taldea biok sortu arren, ez daukagu ahalmen gehiago. Erabakiak laurok hartzen ditugu. Kontzienteak gara jendeak ikusten duen irudian emakumeok inportantzia dugula. Eta hori gustuko dugu. Geuk lortu dugu hau ezerezetik sortzea, eta garrantzitsua da emakumeon rol hori ez ahaztea, nahiz eta erabakiak denon artean hartu. Hala ere, esan daiteke Janirek eta biok gauzak gehiago zaintzen ditugula. Detaileak gustatzen zaizkigu. Itxura janzterako orduan... Dena ez da musika. Estetika eta beste guztia zaindu behar da. Guk balio hori ematen diogu emakumearen profilari. Aukera dugu gure ahotsa eta ideiak entzunak izateko, eta aukera hori aprobetxatzea garrantzitsua da. 

Azkenaldian emakume gehiago ikusten da taula gainean. Proposamen interesgarriak daude. Joera aldaketa bat dago?
Apurka-apurka bai, baina oraindik erreferenteak falta dira. Adibidez, nire ikasleen lekuan jartzen banaiz pentsatu dezakete: "Nire musikako irakasleak talde bat dauka". Baina nire garaian hori ez nuen bizi izan, talde guztietan gizonak zeudelako. Aldaketa egon da, baina gehiago egon behar da. Neska gazteentzat beti egon da emakume musikarien erreferente falta. Emakumeen irudia beti egon da lotuago pop munduagaz edo bakarlarienagaz. Egurra ematen duen talde alternatibo batean ez da hainbeste ikusi. Neska askok gitarra edo bateria jotzen dute, baina bakarrik daude. Ez dira talde bat sortzera animatzen, ez dutelako inor ezagutzen. Jendea badago posible dela erakusten, bultzada bat izan daiteke.

Kontzertu mordoa emango duzue. Zelan zaudete?
Beldur apur bategaz (barrez). Nahiko urduria naiz, gainera. Kontzertuak astebururo ematen ez badituzu, erritmoa galtzen da. Alde horretatik, urte hau oso arraroa izan da, kontzertu oso solteak izan ditugulako. Eta orain, bat-batean, astebururo kontzertuak ditugu, hiru kontzertu jarraian... Baina oso gogotsu gaude.

Gaur egungo neurriekin gatxagoa da publikoagaz konektatzea?
Publikoa oso mugatuta dago. Ez dakizu zein neurrira arte motibatu edo ez. Jesarrita eta maskaragaz. Oso gatxa da. Publikoarentzat ere gatxa da. Denak eragiten du. Hasieran gogorra izan zen. Ez genuen feedback hori jasotzen. Hotza da. Baina guk geure burua motibatzen dugu dena emateko.

Kontzertua emango duzue Mañarian. Zein proposamen dakarzue?
Sua topera egongo da. Kontzertu guztietan dena ematen saiatzen gara, gure errepertorioa jendeari erakusten. Egoera hau gatxa denez, saiatzen gara transmititzen guk musikagaz adierazi gura duguna. Disfrutatu, eta bizi dugun egoera hau apur bat ahaztea, argia ikusten hasi garen arren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!