"Harrituta gaude gure kontzertuetarako sarrerak zein arin agortzen dabiltzan ikusita"

Joseba Derteano 2021ko mai. 12a, 09:42

Mañariko Aste Kulturala bariku arratsaldean hasiko da, Unidad Alavesa taldearen kontzertuagaz. 120 lagunek izango dute ataundarren zuzenekoa ikusteko aukera, eta beste asko gogoagaz geratuko dira.

Izan ere, sarrerak eskuragarri ipini eta ia segituan amaitu ziren. Azkenaldian askotan gertatu zaie hori. "Gu ere apur bat harrituta gaude gure kontzertuetarako sarrerak zein arin agortzen dabiltzan ikusita", adierazi du Iker Artza 'Papas Aja' taldeko kideak. Izan ere, Mañarikoa ez da salbuespena. Iruñean, Donostian eta Gernikan eskainiko dituzten kontzertuetarako sarrerak ere minutu gutxitan agortu zirela azaldu du Artzak. Orain kontzertuek aforo mugatua izaten dute eta sarrerak arinago amaitzen dira, baina, hala ere, argi dago gipuzkoarrak ikusmina eragiten dabiltzala orain aste bi kaleratu duten Made in Germany izeneko disko berriaren harira. Diskoaren zuzeneko aurkezpena joan zen zapatuan egin zuten, Ataunen. Euren sorterritik kanpora, Mañarikoa izango da abesti berriak entzuteko lehenengo aukera. Gainera, lan berriko abesti guztiak eskainiko dituzte Mañarian.

Ekimenez beteta
Beste hainbat ekimen ere egongo da Aste Kulturalaren barruan. Zapatuan, Aritz Ganboa artzainaren erronka jasotzen duen Bideak dokumentala eskainiko dute eta, domekan, Xabi Solano Maiza trikitilari hernaniarraren eta Kimua dantza-kolektiboaren musikaikuskizuna egongo da ikusgai. Azkenik, aurtengo Aste Kulturala maiatzaren 23ko azokagaz amaituko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!