“Taldeko txapelketa irabazi genuenean, lehenengo entrenamendutik sentitu nuen konexio berezi bat geneukala ”

Anboto 2021ko mai. 4a, 10:00

Kirola bizitzeko modu bat baino gehiago dago. Batzuentzat helmuga da inporta duen bakarra, eta emaitzak bereizten ditu arrakasta eta porrota. Beste batzuentzat, ostera, helmugan barik hara heldu arteko bidean dago zoriontasuna. Bigarren klub horretakoa da Sara Sendino Mouliet (Mañaria, 1994). Eta filosofia horregaz Euskadiko hainbat txapelketa irabazi du.

Zelan zaletu zen mañariar bat gimnastika erritmikoan?
Txikitan hasi nintzen, zortzi urtegaz. Landako eskolan ikasten nuen  eta klaseak han ondoan ematen zituztenez, probatu egin nuen eta gustatu egin zitzaidan. Judoa ere probatu nuen, baina ez zitzaidan hainbeste gustatu.

Zure ibilbidean, hainbat bider irabazi duzu Euskadiko Txapelketa; birritan taldeka eta behin bakarka. Azken hori izan da zure lorpenik garrantzitsuena?
Bai. Orain bost urte irabazi nuen, Gasteizen. Sorpresa itzela izan zen. Aparatu bigaz aritu ginen, mazoekin eta xingolagaz. Mazoekin bigarren geratu nintzen eta xingolagaz laugarren. Euskadiko txapelduna aparatu bietako puntuazioak batuta erabakitzen zen. Nik ez nuen konturik egin. Uste nuen nire emaitzak ez zirela nahikoa izango. Mazoetan bigarren geratuta pozarren nengoen jada. Banuen domina bat. Eta epaileek puntuaketak jakinarazi eta neure burua lehenengo ikusi nuenean, ezin nuen sinistu!

Mazoak dira zure erreminta gustukoena?
Bai. Betidanik gustatu izan zaizkit. Nire aparatu kutuna dira. Xingola ere gustatzen zait. Baloiagaz eta uztaiagaz gehiago kostatu izan zait. 

Taldeka irabazitako txapelketa bien zer gomuta duzu?
Orain lau eta hiru urte irabazi genituen txapelketa biak. Taldeko nagusiena nintzen eta ni baino hiru urte gazteagoak ziren hainbat igo ziren talde nagusira. Lehenengo momentutik oso giro ona sortu zen gure artean. Lehenengo entrenamendutik bertatik sentitu nuen konexio berezi bat izan genuela. 

Zein abestiren inguruan landu zenuten zuen koreografia?
Tina Turner-en Proud Mary eta Michael Jacksonen They don´t care about us abestiekin irabazi genituen txapelketak. Miren Barturen eta Janire Alboniga gure entrenatzaileek aukeratu zituzten abestiak. Hasieratik asko gustatu zitzaizkigun.

Artista bien mugimenduak gehitu zenituzten zuen koreografiara?
Bai. Nik, esaterako, ez nituen Michael Jacksonen mugimenduak ezagutzen. Niretzat erronka bat izan zen; Michaelengan ohikoak ziren pauso txiki eta bizi horiek ez zaizkit ondo ateratzen, eta apur bat aztoratuta ibili nintzen hor, denak ikasten (barrez). Baina, tira, pazientziagaz lortu nuen.

Kanpotik begiratuta, gimnastika erritmikoak kirol sakrifikatua ematen du. Zer puntutaraino da horrela?
Beste edozein kirolen antzerakoa da. Norberak erabakitzen du zenbat sakrifikatu gura duen edo zenbat emateko prest dagoen. Ondo pasatzera bazoaz, hobbi moduan hartzen baduzu, ez da exigentea. Baina lehiaketetan zentratzen bazara eta gorantz egin gura baduzu, gogorra da. Baina beste kirol denetan lez. Goraino heldu gura duenak asko entrenatu eta norbere burua asko zaindu behar du.

Zuk non ipini izan duzu langa?
Niretzat hobbi bat izan da beti. Oso ondo pasatu izan dut taldeko dantzak egiten. Barre asko egiten dugu. Sekula ere ez naiz haserretuko zerbaitek txarto irten duelako. Lehiaketa bat amaitzen dugunean eta horra heltzeko egindako bidea errepasatzean, "itzela izan da, arratsalde denetan ondo pasatu dut" pentsatzen dut eta niretzat ez dago hori baino sari hoberik.

Gimnasten artean batez besteko adina oso baxua izaten da. 26 urtegaz beterano kontsideratu zaitzakegu?
Bai (barrez). Uztai taldean, hurrengo zaharrenak 22 urte ditu. Atera kontuak hortik. Nire belaunaldiko gimnastek orain sei bat urte utzi zuten kluba. Aldiro, belaunaldi berrien artean tokia egitea egokitzen zait. Gero, eliteko gimnastika profesionala dago, errusiarrak eta antzerakoak. Maila hori oso exigentea da eta askok ezin izaten dute euren ibilbidea gura beste luzatu, lesioengatik.

Uztai klubeko gazteek ispilutzat hartzen zaituztela sentitzen duzu?
Batzuetan bai. Sarritan, Durangotik nabilenean, klubeko ume askok agurtu egiten naute. Grazia egiten dit. Ezagutu egiten naute eta ilusioa egiten dit. Nagusiagoekin, ostera, urteetan ikasitakoa irakasten ahalegintzen naiz. Denok ditugu gure trikimailuak eta sekretu txikiak. Esperientziak ematen dizun zerbait da. 

Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?
Lana eta entrenamenduak uztartzea ez da erraza. Batzuetan malabarismoak egin behar dira ordutegiak bateratzeko. Baina ez dut utzi gura. Denboraldi bat amaitzen denean, hurrengoan ere jarraitzea izaten da nire desioa. Jarraitu ezin dudala ikusiko banu, pena itzela hartuko nuke.

Covid-ak asko astindu ditu kirol klubak. Zein da Uztairen egoera?
Kolpea hartu dugu. Ume askok utzi dute kluba. Ea berriro animatzen diren. Aurtengo izen-ematea hasita dago. Gure webgunean (uztaitaldea.com) jaso daiteke informazioa, eta astegun arratsaldetan Landako Kiroldegian egoten gara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!