Unidad Alavesa taldearen eta Xabi Solanoren kontzertuak egongo dira Mañariko Aste Kulturalean

Anboto 2021ko api. 20a, 10:15
Unidad Alavesa taldea.

Maiatzaren 14tik 23ra, ekimenez beterik dator Aste Kulturala.

Maiatzeran 14an Ataungo Unidad Alavesa folk-rock taldearen kontzertuarekin ekingo diote egitarauari. 2016an sortutako taldeak diska bi kaleratu ditu orain arte eta Made in Germany izeneko hirugarrena prestatzen ari da.

Maiatzaren 15ean Aritz Ganboa artzainaren erronka jasotzen duen Bideak dokumentala eskainiko dute liburutegi zaharrean. Ganboak iazko urrian egindako kirol erronka bat bildu du filmean: bere arbasoen herriak, Arruazu eta Izaba, korrika lotu zituen mendiz, berekin Idiazabal gazta bat zeramala. Helburua landa eremua eta artzaintza balioan jartzea izan zen.

Maiatzaren 16an Xabi Solano Maiza trikitilari hernaniarraren eta Kimua dantza-kolektiboaren musika-ikuskizuna egongo da ikusgai plazan. Esne Beltza taldeko musikariak bakarka kaleratu duen Bi diskako abestiak eskainiko ditu, Kimua taldeko lau dantzariren laguntzarekin.

Maiatzaren 21ean, Ixabel Agirresaroberek helduentzako eta umeentzako ipuinak ekarriko ditu Mañariara. Hurrengo egunean, Erraiak dokumentala eskainiko dute liburutegi zaharrean. Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioak lankidetzan egindako dokumental honek Euskal Herri osoan zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu.

Azkenik, aurtengo Aste Kulturala, maiatzaren 23ko azokarekin amaituko dute.

Izen-ematea aurretik

Ekimen guztiek aforo mugatua izango dute. Ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da aurretik. Horretarako maiatzaren 7a baino lehen udaletxera deitu behar da (94 681 89 98). Segurtasun neurriak bermatuz egingo dituzte.

EGITARAUA


Maiatzak 14, 18:30, Herriko plaza

- Unidad Alavesa.

Maiatzak 15, 17:30, liburutegi zaharra

- Bideak dokumentala.

Maiatzak 16, 12:00, Herriko plaza

- Xabi Solano eta Kimua Dantza Kolektiboa.

Maiatzak 21

- Ixabel Agirresarobe kontu kontalaria. 17:30ean umeentzat eta 19:00etan helduentzat.

Maiatzak 22, 17:30, liburutegi zaharra

- Erraiak dokumentala.

Maiatzak 23, 10:00etatik aurrera, plaza

- Mañariko Azoka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!