Mikel Bizkarra hirugarren Kataluniako Itzulian

Maialen Zuazubiskar 2021ko mar. 26a, 17:07
Artxiboko irudia. (Facebook: Euskaltel-Euskadi)

Martxoaren 22an hasi zen Kataluniako Itzulia, eta domekan amaituko da Bartzelonan. Bertan, Mikel Bizkarra txirrindulari mañariarra dabil, Euskaltel-Euskadi taldeagaz. 

Kataluniako Itzuliko bosgarren etapan Mikel Bizkarra mañariarrak hirugarren postua lortu du. Bora taldeko Lennard Kämnak lortu du garaipena, bigarren Rubén Guerreiro helmugaratu da eta hirugarrena izan da Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari mañariarra. 

Bizkarrak aurtengo denboraldiari astelehenean, martxoak 22, eman zion hasiera, Kataluniako Itzulian. Eta azken hiru egun hauetan, denboraldi hasierara sasoi betean heldu dela erakutsi du. Eguaztenean eta eguenean 18. eta 16. helmugaratu zen, azken unera arte onenen taldean egonda. Gaur, berriz, hirugarren izan da. Sare sozialetan mañariarrak azaldu duenez, pozik dago lortutako postuagaz eta taldeak egindako lanarekin, eta "jarraitu beharreko dinamika hau" dela aitortu du. 

Bihar izango dute Kataluniako Itzuliko seigarren etapa, eta domekan amaituko da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!