Herriko Taberna eraberritzeko lanen baldintza orria onartu eta lehiaketara atera du Mañariko Udalak

Anboto 2021ko mar. 30a, 08:52

Joan zen astean udalbatzarra egin zuten Mañarian, eta Herriko Taberna eraberritzeko lanen baldintza orria onartu zuten bertan. 250.000 euroko inbertsioa aurreikusten dute. Dokumentua asteon argitaratu dute, eta, une horretatik aurrera, interesdunek 20 eguneko epea dute euren proposamenak udaletxean aurkezteko.

Herriko Tabernaren barrua guztiz berriztuko dute, eta berrikuntza integral bat izango da. Barra handiagoa izango du, sukaldea eraberrituko dute eta bazkariak emateko gunea ere handitu egingo dute, beste lan batzuen artean.

Herriko taberna eraberritua aurrekoa baino handiago izango da. Espazio gehiago izango du. Izan ere, orain eraikin berean dagoen mediku kontsultategiaren gunea tabernara gehituko dute. Beraz, gaur egun tabernak dituen 150 metro karratuei beste 35 bat gehituko dizkiete. Espazio berri hori egokitzeko lanak beste proiektu batean sartu dituzte eta proiektu nagusiaren aurretik egingo dira. Hain zuzen ere, mediku kontsultako espazioa birmoldatzeko lehiaketa publikoa aste honetan amaitu da. Orain, lanak esleitu aurretik, heldu diren proposamenak baloratuko ditu udalak.

Kokapen berria
Beraz, mediku kontsultategiari kokapen berria bilatu behar izan dio udalak. Zegoen tokitik gertu eta herriko erdigunean izango du egoitza berria orain: Evaristo Bustintza kaleko 19. zenbakian, udaletxearen ondo-ondoan. Rafa Harategia zegoen dendaren ondoko lokal bat da. Udalak dendagaz batera —berez espazio bakarra delako— erosi zuen eta funtzio berri hori emango dio, lokala egokitu eta material guztia hara eramanda. "Kokapen horregaz herriko zerbitzu guztiak zentralizatuta mantenduko dira", adierazi du Ainara Otxotorena alkateak.

Gaur egun, pandemia hasi zenetik hona, mediku kontsulta asteko egun bitan egoten da zabalik: martitzen eta bariku goizetan, ordu eta erdian. Pandemiaren aurretik, astegun guztietan egoten zen zabalik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!