Mañariko zubi berriak arrapala bat izango du Herriko Plazaren aldean

Joseba Derteano 2021ko ots. 24a, 08:35

Andra Mari kalea eta Herriko Plaza lotuko dituen zubi berria orain dagoena baino 25 zentimetro garaiago egongo da. Araudi berrietara egokitzeko hartu beharreko neurria da. Gune horretako hidraulikaren egoera hobetzea da helburua, eta uholde arriskuak gutxitzea. Ondorioz, zubiaren eta Herriko Plazaren artean dagoen kota handitu egingo da; 1,15 metrora hain zuzen, proiektuak jasotzen duenez.

Horrela, zubia eta plaza modu bitara lotuko dituzte. Batetik, zubitik zuzenean plazara jaitsiko den zazpi mailako eskailera baten bitartez. Bestetik, arrapala bat egingo dute irisgarritasuna ahalbidetzeko. Arrapala hori zirkulu erdi formakoa izango da eta 14 metroko luzera izango du, %8ko aldapa uniformeagaz. Plazatik zubira begiratuta, ezker aldean joango da.

Andra Mari kalerako aldean, ostera, ez da eskailerarik beharko. Parean geratuko dira zubiaren eta kalearen arteko kota. 1,5 metroko pasabide zuzen bategaz lotuko dituzte zubia eta kalea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!