Mañariko Udalak zerbitzu berria martxan ipini du herritarren etxeetara botikak eramateko

Joseba Derteano 2021ko ots. 10a, 08:49

Mañariko Udalak zerbitzu berria martxan ipini du botikak etxeetara eramateko. Herrian ez dago farmaziarik eta alternatiba bat eskaini gura dute. 

Gaur egungo egoera ere kontuan hartu dute zerbitzua eskaini ala ez erabakitzerakoan. "Proba moduan ipini dugu martxan. Herriak konfinatuta eta perimetralki itxita daudenez, herritarrentzat ezinbesteko zerbitzua dela iruditzen zaigu", adierazi du Ainara Otxotorena alkateak. Udalfarma izeneko enpresa kontratatu dute zerbitzua eskaintzeko.

Doako zerbitzua izango da; hau da, garraioaren kostua udalak ordainduko du. Beste ezaugarri bat da herritar guztientzako zerbitzua dela.

Zerbitzuaz baliatu ahal izateko, udaletxera joan behar da, osasun txartelagaz eta kontu korronte zenbakiagaz (medikamentuak handik kobratzeko). Une horretan, herritarrek farmazia aukeratzeko modua ere izango dute; hau da, eurek aukeraturiko farmazietan hartutako botikak jasoko dituzte etxean.

Martxan jarri den zerbitzu berriak kasu bi barneratzen ditu: ohiko botiken banaketa eta urgentziazko botiken banaketa. Ohiko banaketaren kasuan, hilean egutegi bat markatuko da eta bertan zehaztuko da etxerik etxeko banaketak asteko zein egunetan egingo diren. Ohiko erabiltzaileek udaletxean jaso ahalko dute egutegia informazio horrekin. Urgentziazko kasu baten aurrean berriz, erabiltzaileak edonoiz ipini ahalko dira kontaktuan banatzaileagaz, zerbitzua urteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan egongo delako martxan. Unean-uneko kasuei zerbitzua ematea da helburua. Horrelako kasuetan, momentuan bertan ordainduko dira botikak, datafono izeneko sistemaren
bitartez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!