Herriko Taberna handitu egingo dute, osasun kontsultategiko espazioa ere hartuta

Joseba Derteano 2021ko urt. 26a, 08:53

Mañariko Herriko Taberna gaur egungoa baino handiagoa izango da etorkizunean, berriro zabaltzen dutenean. Izan ere, barrualdea eraberritzeko proiektuaren barruan, taberna handitzea erabaki du udalak. Gaur egun tabernak dituen 150 metro karratuei beste 35 bat gehituko dizkiete, gaur egun mediku kontsultategia dagoen espazioa ere bertan barneratuta. Horrela, toki gehiago eman gura diote mahaiak ipintzeko eta jatetxe zerbitzu zabalagoa eskaintzeko.

2019ko azaroan udalaren jabetzako lokala hutsik geratu zenetik, taberna eraberritzeko proiektu integral bat lantzeari ekin zioten. Besteak beste, tabernako barra handitzea eta tokiz aldatzea pentsatu zuten. Proiektu hark ez zuen taberna handitzea aurreikusten. Negozioaren kudeaketa esleitu aurretik, osasun krisia heldu zen eta asmoa atzeratu egin behar izan zuten. Harrezkero, proiektua berriro aztertu eta taberna handitzea erabaki dute. Aurreko proiektuko aldaketak mantendu egingo dituzte. Proiektu berria otsailean egongo da prest, eta udalbatzarretik igaro ostean hiru-lau hilabeteko epean lanak hastea aurreikusten dute.

Kontsultategia herrigunean
Mediku kontsultategi berria herriguneko lokal batean ipiniko dute. Lokal horretan obrak egingo dituzte, aireztapen sistema berria ipintzeko, besteak beste. Altzariak, ostera, gaur egungoak mantenduko dituzte. Kontsultategi zaharretik berrira eramango dituzte.

2021eko aurrekontuetan 87.000 euroko diru atala gorde dute egitasmoari ekiteko. Udaleko soberakinera joko dute proietuaren kostu osoa estaltzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!