Mañariko Udalak lehenengoz landu du terrazen gaineko ordenantza eta laster indarrean ipiniko du

Joseba Derteano 2020ko aza. 9a, 08:52

Orain arte ez da tabernetako terrazen gaineko ordenantzarik egon Mañarian, baina laster beteko dute hutsune hori. Udalak terrazen gaineko ordenantza bat landu du. Legeari jarraituz, hamar egunean publiko egon da proposamena, herritarrek euren ekarpenak egin zitzaten eta, epealdi hori amaituta, gaia Ogasun Batzordetik igaro zen eguaztenean. Behin tramite horiek igarota, Mañariko hurrengo udalbatzarrean onartzea da asmoa.

Ordenantza berria izango da, orain arte araututa egon ez den zerbait delako. Herriko taberna batek estalpe bat ipini gura du kanpoko mahaietarako, eta horren gaineko tramiteak egin guran joan zen udaletxera. Horren harira, egoera guztiak erregularizatuko dituen ordenantza lantzea eta indarrean ipintzea erabaki du udalak.

Terrazetan mahaiak ipini ahal izateko prezioak merkeak izango dira, udal arduradunen esanetan. "Izan ere, asmoa ez da irabaziak lortzea, arautu barik zegoen egoera bat erregularizatzea baino", azaldu dute.

Beraz, ordenantza indarrean ipintzen denetik aurrera, zehaztuta geratuko dira taberna bakoitzak ipiniko dituen mahai eta aulkien kopurua, euren kokalekua, oinezkoentzat libre utzi beharko dituzten pasabideak eta baita zerbitzua eskaini ahal izateko urtero ordaindu beharko den zenbatekoa ere, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!